⛅ EGURALDIA

Beroaldiaren lehen atzaparkada

Erredakzioa 2023ko uzt. 10a, 08:32

Argazkia: ARITZ MARTINEZ DE LUNA / ALEA

Eguna hodeiekin hasi den arren, gaur bero asko espero da, batez ere Araba hegoaldean. Bihar tenperatura maximoak jaitsiko direla espero da.

Lainoekin hasiko da eguna, eta zerua goizaldean hodeitsu egongo da, Euskalmetek atzo arratsaldean kaleratutako azken iragarpenaren arabera. Gainerako orduetan oskarbi egongo da, edo hodei gutxirekin. Haizeak ekialdetik joko du hasieran, baina ondoren ipar osagaian finkatuko da. Arratsaldean bolada gogorrak izan ditzake. AEMETen arabera, gaur Gasteizen 16 eta 34 gradu arteko aldea egongo da. Araba hegoaldean bero gehiago izango dute: aintzat hartu behar da AEMETek beroagatiko abisu horia eman duela mugako probintzietan, hala nola Burgosen, Errioxan eta Nafarroan. Informazio hau kaleratzeko orduan (08:25) Jaurlaritzak ez du eman abisu berezirik.

Biharko, antzeko iragarpena egin du euskal meteorologia agentziak: goizean lainoak eta hodeiak, eta gainerako orduetan oskarbi. Haizeak iparretik joko du, eta indartsuago egingo du arratsaldean. Termometroei dagokienez, asteartean ez omen gara iritsiko gaurko muturretara: Gasteizen 15 eta 28 gradu arteko aldea egongo dela iragarri du AEMETek.

Bidali eguraldiari buruzko zure argazkiak erredakzioa@alea.eus helbidera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago