EHUko Arabako campuseko 40 ingeniaritza ikaslek ondutako Bizkor EV02 izeneko ibilgailu monoplaza elektrikoa uztailaren 19an lehiatuko da, estreinakoz, Erresuma Batuko Silverstone zirkuituan. Horren ostean, Formula Student egitasmoaren barruan egingo diren beste bi probatan parte hartuko du ibilgailuak. Portugalgo Castelo Brancon eta Bartzelonako Montmelon izango dira.
Atzo aurkeztu zuten ibilgailua, arlo instituzionaletik Saray Zarate Ekonomia foru diputatua, Maider Etxebarria Gasteizko alkatea eta Jon Urresti Vital Fundazioko presidentea bertan zirela. EHUren izenean, ikasleez gain, EHUko Arabako campuseko errektoreorde Manoli Igartua egon zen, bai eta Jorge Pastor eta Hector Lizar proiektuaren buruak ere.
Zaratek ziurtatu du "proiektu berritzaileei emandako babesa etengabe hazi" dela, eta First Lego League edo Agora Teknocamp bezalako egitasmoak ekarri ditu gogora. Nesken artean bokazio teknologikoak pizteko "apustua" aipatu du ere.
Ibilgailuak lau gurpilen trakziorako motor elektrikoa du, bai eta karbono zuntzez egindako txasisa. Horrez gain, material konpositeak erabiltzen ditu ahalik eta arinen izan nahian.