Gasteizko Arai Erraldoien Konpartsa pribatuak bost urte bete ditu aurten, eta datorren uztailaren 15ean, larunbatean, ospatuko du. Horretarako, Euskal Herriko beste lau konpartsa izango ditu bidelagun: Kietb, Bermeotik (Bizkaia); Laguardia, Guardiatik (Araba); Bidasoako Erraldoiak, Gipuzkoatik; eta Miranda Arga, Nafarroatik.
Eguneko ekitaldi nagusia 12:00etan Probintzia plazan izango da. Gonbidatutako lau konpartsen eta Arai Konpartsaren arteko topaketa egiteaz gain, anfitrioiek beren lau erraldoi berriak aurkeztuko dituzte, bertan eskainiko duten ikuskizunean estreinatuz.
Horrez gain, kalejirak egingo dituzte egun osoan zehar: 10:30ean, Etxauri plazatik eta Musikaren Ibilbidetik abiatuta, Erdiguneko eta Alde Zaharreko kaleetatik; 12:30ean, Probintzia plazatik hasita, 14:15ak arte; eta 17:00etan, Auzolana Pilotalekutik; 19:00ak arte iraungo du azken kalejirak, eta Santa Barbara plazan amaituko da, amaierako dantza ikusgarri batekin.
Zeledon, Edurne eta aitona-amonak
Lau erraldoi berrietako bi duela bost urtetik hona Gasteizko auzoetan eta beste ekitaldi herrikoi batzuetan dantzatzen ibili diren Zeledon eta Edurne erraldoien bertsio berritua dira. Jesus Garcia tolosarrak egin du bi erraldoien bertsio berria, eta Gabriel Jimenezek jantziko ditu.
Tamaina txikiagoko beste bi erraldoi ere estreinatuko dituzte ikuskizunean, Eloy Garcia Diaz de Argotek Errekaleorren egindakoak: adineko bi pertsona irudikatzen dituzte, konpartsan gazteak eta beteranoak elkartzeko ahaleginean; hain zuzen ere, egileak bere aitona-amonak hartu ditu oinarri gisa.
Arai Konpartsa
"Euskal kultura indartu eta erraldoien munduarekiko zaletasuna areagotu" nahi du Arai Konpartsak, Nafarroan, Gipuzkoan eta Katalunian tradizio handia baitute erraldoiek eta buruhandiek. "Lurralde hauetan, gazteek kulturarekiko eta mundu honekiko duten zaletasuna ikaragarria da. Zergatik ez bultzatu Araban ere?", aldarrikatu dute.
Konpartsan parte hartzeko aukera zabaldu dute ere. Horretarako, Instagram bidez haiekin harremanetan jartzera edo idatzi arai.konpartsa@gmail.com helbidera idazteko gonbidapena egin dute.
EGITARAUA