Tubos Reunidosek sei hilabeteko lan erregulazioa jarri du mahai gainean

Erredakzioa 2023ko uzt. 4a, 10:15

Tubos Reunidos enpresaren instalazioak, Amurrion. Argazkia: Araba Eraikiz

850 langilek osatutako plantilla osoari eragingo lioke Tubos Reunidos enpresak Amurrioko fabrikan planteatutako Aldi Baterako Lan Erregulazio Espedienteak, irailaren 1etik aurrera. "Eskariaren dezelerazioa" argudiatu du zuzendaritzak.

Berri txarrak, berriz ere, Aiaraldeko ekonomiarentzat. Tubos Reunidos enpresa hodi-ekoizleak sei hilabeteko Aldi Baterako Lan Erregulazio Espedientea (ABLEE) proposatu du Amurrioko lantegian, plantilla osatzen duten 850 langile guztiei eragingo liekeena.

Enpresaren zuzendaritzak astelehen honetan sindikatuei jakinarazi dienez, erregulazioa irailaren 1ean hasiko litzateke, eta, beraz, martxoaren amaierara arte luzatuko litzateke. Denbora tarte horretan, lanaldia %50 murriztuko litzateke.

Oraingoz enpresak proposamena baino ez du ezagutarazi. Uztailaren 10ean hasiko dira zuzendaritzaren eta langileen ordezkarien arteko negoziazioak, eta bertan aurkeztuko dute espedienteari buruzko dokumentazioa.

"Eskariaren dezelerazioa"

Zuzendaritzak eskaeren jaitsierarekin lotutako "ekoizpen eta antolakuntza beharrizanak" argudiatu ditu, 2023ko lehen bost hilabeteetan 50 milioi euroko irabazi garbiak izan zituen arren; 2022ko ekitaldi osoan lortutakoa baino 7 milioi euro gehiago. Horrez gain, epe horretan 300 milioi eurotik gorako hazkundea izan da enpresaren salmentetan, aurreko urtean baino %35 gehiago.

Nolanahi ere, zuzendaritzak "eskariaren dezelerazioa" antzematen hasi dela ziurtatu du; balizko agertoki horretarako prest izan nahi dute, ezarri ala ez aurrerago erabaki arren.

Zazpigarren espedientea

Iragarritakoa Tubos Reunidosen azken urteetan ezarritako zazpigarren espedientea litzateke: 2009an, 2010ean, 2016an eta 2018an ere lan erregulazioak ezarri zituzten; horrez gain, pandemia garaian beste biren menpe izan ziren.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago