Mendiak Aske plataformak hainbat martxa antolatu ditu azken hilabeteetan, Arabako mendietan eraikitzekoak diren zentral eoliko eta fotovoltaikoen aurka, arriskuan egon litezkeen mendi eta soroak zeharkatu eta ezagutarazteko: besteak beste, Laminorian (Mendialdea), Durakogain (Aramaio), Dura (Arratzua-Ubarrundia), Cantoblanco (Añana) eta Jesuri (Orozko) bisitatu dituzte.
Joan den larunbatean, uztailaren 1ean, Babestu maite duzun mendia ekimeneko azken mendi martxa antolatu zuten, Elgeamendi mendian, Barrundian. Bertan, Marieta eta Landa herrien artean, Capital Energy enpresaren Green Capital sozietateak 200 metroko altuerako sei aerosorgailuko zentral eoliko bat eraiki nahi du. Arabako Foru Aldundiko teknikarien txosten baten arabera, Miritxa izeneko zentral eoliko horrek "eragin handia" izango luke ingurumenean.
Larunbateko 10:00etan elkartu ziren Marieta herrian, Elgeamendiko tontorreraino 3,1 kilometroko ibilbidea egiteko. Bertaratutakoen artean 25 metroko diametroko aerosorgailu baten oinarria irudikatu zuten. Ondoren, Santa Marina ermitarantz abiatu ziren, indarrak berritzeko eta Euskal Herriko Hazien Sareak eskainitako poltsak banatzeko. "Modu honetan, mundu berdeago eta solidarioago bat bultzatzeko aukera izan dugu", aldarrikatu dute.
Naturaguneak, "babesik gabe"
"Green izena darabilten enpresen jarduera" salatu nahi izan dute martxa honetan, "beraien onura ekonomikorako soilik erabiltzen dute eta". Horrez gain, lurraldean abian dauden proiektu guztiak "landa eremuarentzako guztiz neurriz kanpokoak" direla ohartarazi dute. "Enpresa hauei ez zaie batere axola ez beraien zentralek eragiten duten ingurugiro kaltea, ezta landa eremuarekiko ondorio larriak", salatu dute.
"Green Capital sozietatea ez dago bakarrik proiektu honetan. Jaurlaritzak eta Lurralde Plan Sektorialak laguntzen diote, eta Euskal Herri osoan zehar jarduera horiek ahalbidetzen eta sustatzen dituzte, enpresa mota horien interes eta jarduera espekulatiboak interes komunaren, herritarren benetako beharren eta, jakina, gure mendien gainetik lehenetsiz", kritikatu dute.
"Gu energia berriztagarrien aldekoak gara, baina ez gisa honetako proiektuen aldekoak", gaineratu dute. "Neurriz kanpoko proiektu hauetan ez da tokiko herritarren ahotsa kontuan hartzen, eta jadanik legez babesturik diren naturaguneak proiektu hauekin zeharo babesik gabe eta zapalduta gelditzen dira, inolako begirunerik gabe".