Uztailaren 23an izango dira Espainiako hauteskunde orokorrak, eta Eusko Jaurlaritzak boto aurreikuspenaren inguruko azterketa egin du ekaineko Soziometroan. Horren arabera, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk berdindu eta bosna eserleku lortuko lituzkete EAEtik Espainiako Kongresuan; PPk bi lortuko lituzke; eta Sumarrek, berriz, bakarra.
Arabari dagokionez, lehen indarra PSE izango litzateke, boto gehien (%24,8, 2019an baino bi puntu gehiago) jasoko lukeen alderdia izanik. Bigarren alderdirik bozkatuena EAJ litzateke (%21,7, 2019an baino bi puntu gutxiago). Hirugarren indarra EH Bildu litzateke (%19,9, 2019an baino %3,75 gehiago). Laugarren postuan PP legoke (%18,1, 2019an baino hiru puntu gehiago). 2019an EAJ izan zen indar bozkatuena Araban.
Horrela, lau alderdiek diputatu bana eskuratuko lukete Araban: Daniel Senderos (PSE), Mikel Legarda (EAJ), Iñaki Ruiz de Pinedo (EH Bildu) eta Javier de Andres (PP).
Bestalde, Sumar koalizioak (%8,9) 2019an Podemos-IUk lortutako emaitzetatik urrun (%16,59) geratuko litzateke, orduan lortutako ordezkaria galduta; beraz, Guillermo Presak ez luke berretsiko Juantxo Lopez de Uralderen eserlekua, eta Yolanda Diaz buru duen ezkerreko koalizioak Bizkaian lortuko luke EAEko ordezkari bakarra. Azkenik, Vox alderdi ultraeskuindarra (%4,0) ordezkaritzarik gabe geldituko litzateke berriz ere.
Boto emango duten arabarrez gain, Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen Soziometroak erroldarekiko %38ko abstentzioa aurreikusi du Araban.
GRAFIKOAK
TXOSTENA