Euskaraz ere artatuko du Indesak

Erredakzioa 2023ko eka. 29a, 10:18

Asteazkenean irakurri dute adierazpena, Arbulun. Argazkia: AFA

Besteak beste, Arbuluko adierazpena izeneko agirian aurreratu dute bulego nagusian "arreta elebiduneko gune bat izateko neurriak abian" jarriko dituztela.

Indesa 2010 sozietate publikoak "erabiltzailearekin harreman zuzena duten zerbitzuetan euskararen eta gaztelaniaren erabilera" bermatuko duela esan du, Arbuluko Adierazpena izenekoaren bitartez. Modu horretan, "kalitatezko arreta eta zerbitzua" ziurtatu nahi dute.

Begoña Ozaeta eta Aitor Zalbide langileekin batera, Gizarte Politiken jarduneko foru diputatu Emilio Solak, Euskara zuzendari Lexuri Ugartek eta Indesako zuzendari Jose Luis Alonso Quilchanok parte hartu dute adierazpena irakurtzeko ekitaldian.

Indesak Arbulun duen nekazaritza ustiategian irakurri dute agiria. Bertan erakutsi dituzte zentroaren lantegi guztietan zabaltzen ari diren euskarazko eta gaztelaniazko seinale berriak, bai eta euskararekiko "konpromisoa" identifikatzen duen logotipoa ere. Diotenez, "euskararen presentzia lan eremuan" sustatuko dute, eta "euskara ikastea gizarteratzeko eta laneratzeko tresna gisa" indartuko dute, "hala nahi duten langileen artean" euskararen erabilera bultzatuz. Euskararen Kudeaketa Linguistikoa Hobetzeko 2022-2025 Planaren barruan kokatu dute ekimena.

Euskara Plana ezarri bitartean, hainbat estrategia garatuko dituzte. Maiatzean hizkuntza kudeaketa hobetzeko lantalde bat osatzea izan zen aurrena. Bertan errotulazioan, argitalpenetan, web orrian edo lanari lotutako hizkuntza paisaia zein komunikazio tresnei buruz hitz egin zuten. Sozietate publikoetan euskararen normalizazioa sustatzen duen Xedera sarean sartu dira ere. Dokumentazioan euskararen presentzia handitu nahi dute ere, bai eta bulego nagusian arreta eleduna bermatzea edota euskara ikasten laguntzea. Elebidunentzako "erabilera sarea eta praktikak sortzeko jarduerak" ere antolatuko dituzte, eta Euskaraldian parte hartzea sustatuko dute. 

Aldundiaren irabazteko xederik gabeko sozietate publikoa da Indesa 2010, desgaitasuna duten pertsonei "enplegu egonkorra eta kalitatezkoa" emateko sortua. Industriaren eta zerbitzuen alorretan, sukaldean, garbitegian, lorezaintzan eta zentro eta egoitzen garbiketan aritzen da. Zerbitzu horiek arlo publikoan zein pribatuan ematen ditu. Orotara, 900 langile inguru ditu, eta hamarretik bederatzik %33ko edo gehiagoko desgaitasuna dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide