Hirietako bizikleta mugikortasuna, erdigunean

Erredakzioa 2023ko eka. 27a, 18:28
Mugikortasun jasangarria izango dute hizpide ostiralean. Argazkia: ALEA

Besteak beste, Danimarka, Erresuma Batua eta Herbehereetako ereduak aurkeztuko dituzte.

Frantziako Tourraren osagarri, hamaika jarduera antolatu dituzte egunotan Gasteizen. Horien artean, ostiralean, hilaren 30an, Bicycle Summit Euskadi topaketa egingo dute Vital Fundazioa aretoan. Bertan, hiriko bizikleta mugikortasunaren arloko nazioarteko aditu onenek beren esperientziak eta gaur egungo joera aitzindariak partekatuko dituzte.

Erresuma Batuko, Danimarkako, Herbehereetako, Frantziako, Kolonbiako, Espainiako eta Euskal Herriko profesional ezagunek mugikortasun jasangarriari buruzko beren ikuspegia eskainiko dute. Hori da, hain zuzen ere, 2020-2030 Agendan jasotako mundu mailako erronketako bat, eta bizikletaren eguneroko erabilerari aplikatuko zaio. 08:30etik 14:30ak arte, Bicycle Summit Euskadi ekimenak "gizarte jasangarriago baterantz" aurrera egiteko erronkei nola aurre egin bilatuko du.

Arlo horretako aditu onenekin batera, hasierako parte-hartzeetan Bizikleta mugikortasuna Euskadin: Non gaude gu?’ gaiari helduko diote. Bertan izango dira Axier Urresti, Vital Fundazioaren izenean; Raimundo Ruiz de Escudero, Gasteizko Udaleko ordezkaria; Jose Luis Cimiano, Arabako Foru Aldundikoa; eta Itziar Larizgoitia, Jaurlaritzakoa. Besteak beste, Arabako hainbat herritan zehar bizikletaz ibiltzeko 71 ibilbide dituen plataforma aurkeztuko dute; 4.000 kilometro baino gehiagoko zikloturismoko ibilbideak eskaintzen ditu BTT modalitatean edo errepidean, mapa interaktiboei, errutometroei eta ibilbide eta herri bakoitzeko banakako fitxei esker.

Nazioarteko adituen artean honako hauek aipa daitezke: Carlos Moreno, La Sorbonako Unibertsitatekoa (Frantzia), Nola mugitu hirian larrialdi klimatikoaren garaian? izango da bere hitzaldia; Peter Walker, The Guardian-eko (Britainia Handia) kazetaria, Nola hobetu osasun publikoa bizikleta bidezko mugikortasunaren bidez? gaia garatuko du; Henrik Lundore, CPH Kontseilukoa (Danimarka), bere gaia Bizikleta bidezko mugikortasunari buruzko adibide bat atzerrian izango da; Lara Perez-Porro, Wayfinding Architect Armijksenaar (Amsterdam) erakundekoa, bere hitzaldia Hiri txirrindulariaren hizkuntza izango da; Ricardo Montezuma, La Sabanako Unibertsitatekoa (Kolonbia), Ziklobien efektu eraldatzailea: 20 urteko esperientzia izango da bere gaia; Olivuer Schneider, Fubpresident chef Federation des Usagers de la bicyclette erakundekoa, Frantziako txirrindularitza masterplana gaiari buruz arituko da; Xavier Corominas, bizikletaren aktibistak taldekoa, Bizikletaren kontuak gaiaz arituko da; Ana Vallejo, MQ jasangarria proiektukoa, Zer ekarpen egiten du benetan bizikletak klima-aldaketa egoeran? gaiaz arituko da; Pedro Bravo, Narrativa y Comunicación taldekoa, Bizikleta kontatu, hiria aldatu gaiaz arituko da; Sergio Serna, Techfriendly proiektukoa, eta bere gaia Nola eraikitzen da ziklagarritasun-plan bat? izango da; eta Isabel Ramis, Muévete en bici por Madrid proiektukoa, Nola sustatu bizikleta garraiobide izan dadin gaiaz arituko da.

Jardunaldia mugikortasun jasangarriaren eta turismo arloetako erakundeetako arduradunei, profesionalei eta teknikariei zuzenduta dago, baita publiko interesatuari ere. Bertara joateko, izena eman behar dute Kirola Euskal Eskolaren webgunearen bidez, kiroleskola@euskadi.eus helbide elektronikoan edo 688 670 722 eta 944 032 866 telefonoetan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide