Añanatik sartuko da laster hastekoa den Euskarabentura

Erredakzioa 2023ko eka. 26a, 18:22

Aurtengoa laugarren edizioa izango da. Argazkia: ALEA

Uztailaren 1ean abiatuko da Mauletik laugarren edizioa. Arabara uztailaren 11n iritsiko da, ohi bezala, Añanatik, eta Araiatik aterako da. 

Laugarrena abiatzear da: datorren larunbatean, uztailaren 1ean, Euskal Herriko gazte multzo handi batek Mauletik atera eta Euskal Herria zeharkatuko du hilabete batez, "kultura, osasuna, ekologia eta parekidetasuna" bezalako baloreak euskaraz lantzen.

Aurten Euskal Herri osoko 125 parte hartzaile izango ditu ekimenak, eta, horietatik 12 arabarrak izango dira. Gehien gehientsuenak Euskal Herritik etorritakoak izanda ere, Valentziatik eta Buenos Airesetik etorritako bi gazte ere egongo dira aurtengo edizioan. "2019an izan genituen azkenekoz diasporako gazteak espedizioan, eta gogo itzelak ditugu biekin hilabetea pasatzeko", aurreratu dute ekimenaren antolatzaileek.

Ibilbide gehiena oinez egingo duten arren, uztailaren 11n Arabara busez sartuko da espedizioa. Horren arrazoia da Garestik atera eta busean Yusoko (Errioxa) monasteriora joango direla. Donemiliagako glosen jatorria ezagutzeko. Bisitaren ostean, berriro busa hartu eta Añanara joango dira. Eguerdiko ordu baterako aurreikusita dago harrera ofiziala, aldundiko mandatarien eta Juan Carlos Medina Añanako alkatearen eskutik. Ondoren, Argantzonera aterako dira, eta handik, Gasteizera. Hilaren 15ean aterako dira Araiatik, Gipuzkoan sartzeko.

Bestak beste Araban emango dituzten egunetan Gatz Harana, Argantzon ikastola, Ataria eta Landako urtegia bisitatuko dituzte.

Orotara 400 kilometroko ibilbidea izango da, eta 32 herri zeharkatuko dituzte. Gazteekin batera bi ikertzaile ere joango dira aurten. Izan ere, Azler Garcia eta Iñigo Urrestarazu ikertzaileak gazteen ahoskera aztertzen ari dira. Espedizioa abiatu aurretik hasi dira horrekin, eta espedizioak irauten duen bitartean eta ondorengoan ere berdina egingo dute. Irati Fernandez euskara teknikariak ere aztertuko du ekimena, Jaurlaritzak diruz lagundutako ikerketa batean. Euskarabenturak "gazteen hizkuntza ohituretan eta hizkuntzekiko beren jarreretan duen eragina" aztertu nahi dute horren bitartez. Gazteekin batera, 30 lagunek osatutako laguntza taldea joango da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide