Uztailaren 23ko hauteskundeetarako mahaikide izendatu naute?

Erredakzioa 2023ko eka. 26a, 13:00

Udal eta foru hauteskundeak, maiatzaren 28an. Argazkia: Mikel Buruaga / ALEA

Espainiako hauteskunde orokorretan Gasteizko mahaietan izango diren presidenteak eta kideak izendatzeko zozketa egin dute gaur. Izendatutako 2.781 pertsonek ekainaren 27tik 29ra bitartean jasoko dute jakinarazpena.

Astelehen honetan, 09:00etan, uztailaren 23ko Espainiako hauteskundeetarako hauteskunde-mahaietarako presidenteak eta kideak izendatzeko zozketa egin du Gasteizko Udalak, Saray Zarate Administrazioaren Modernizazioko zinegotzi ordezkariaren eta Martin Gartziandia idazkari nagusiaren eskutik.

Guztira 2.781 pertsona izendatu dituzte 36 lokal eta 309 mahaietako kide izateko. Mahai bakoitzeko presidente bat eta bi kide titular aukeratu dituzte, baita postu bakoitzeko bi ordezko ere.

Gasteizen bizi diren 189.401 herritarrek eta atzerrian bizi diren 5.812 gasteiztarrek izango dute uztailaren 23an botoa emateko eskubidea. Araban, berriz, 260.314 herritar daude botoa ematera deituta, eta horietatik 8.143 atzerrian bizi dira. Hauteskunde kanpainaren hasiera ofiziala uztailaren 7an izango da, eta 21era arte luzatuko da. Uztailaren 23an, igandean, hauteskunde egunean, 09:00etatik 20:00etara irekiko dituzte mahaiak, eta ordu horretan hasiko da emaitzen zenbaketa.

Lokalei dagokionez, aldaketa bakarra izango da udal eta foru hauteskundeekiko: Karmeldar Jesusen Bihotza Ikastetxean egingo diren obrak direla eta, Iradier Arena egokituko dute; 1. atetik izango da sarrera, eta irteera 5. atetik egokituko dute.

Nola jakinaraziko dute?

Bihartik aurrera, ekainaren 27tik 29ra bitartean, izendapena jakinaraziko zaie hautatutako pertsonei:

  • 1. Jakinarazpena aurrez aurre egiten saiatuko dira.
  • 2. Ezin bada egin, postontzian abisu bat utziko dute, jakinarazpenaren titularrak udaletxean jarriko den bulegoan jaso dezan. Bulegoaren  ordutegia: ekainaren 30ean, ostiralean, 17:00etatik 21:00etara; eta uztailaren 1ean, larunbatean; 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.

Udalak ez ditu zozketaren emaitzak publikoki argitaratuko, herritarren datu pertsonalen isilpekotasuna babesteko. Hala ere, ekainaren 26tik 29ra bitartean Herritarren Arretarako Bulegoetan kontsultatu ahal izango da, nortasun agiria aurkeztuta.

Mahaikide izateari uko egiteko arrazoiak

Hautatua izanez gero, zazpi eguneko epea dago Eskualdeko Hauteskunde Batzordearen aurrean alegazioak aurkezteko. Horretarako hainbat aukera daude, behar bezala justifikatuta:

  • Arrazoi pertsonalak
    • Behin betiko arrazoiak:
      • Oporrak: bidaia erreserbatua izatea hauteskundeak deitu (maiatzaren 29a) baino lehen.
      • 65 urte baino gehiago izatea.
      • Desgaitasun-egoeran izatea (edozein maila).
      • Lanerako ezintasun iraunkor absolutuko edo aldi baterako pentsioa izatea.
      • Haurdunaldia (sei hilabetetik gora) edo amatasun-baimena.
      • Espetxe edo ospitale psikiatriko batean ingresatuta egotea.
      • Aldez aurretik hauteskunde-mahai bateko kide izatea, gutxienez hiru aldiz azken hamar urteetan.
      • Deklaratutako edo ustezko delitu baten biktima izatea, zigortuak edo ikertuak urruntze-agindua badu eta hauteskunde-errolda berean inskribatuta badago.
    • Kasuaren araberako arrazoiak:
      • Lesio, gaitz edo gaixotasun bat, hauteskunde-mahaiak eskatzen dituen eginkizunak betetzea eragozten badu.
      • Mahaian beteko diren eginkizunen antzeko lanbide baterako ezintasun iraunkor osoko pentsioa izatea.
      • Haurdunaldiaren lehen sei hilabeteetan arrisku-egoeran egotea, betiere arrisku faktore horiek mahaian bete beharreko eginkizunekin lotuta badaude.
      • Interbentzio kirurgiko edo proba kliniko garrantzitsu eta atzeraezina izatea hauteskunde egunean edo aurreko zein ondorengo egunetan.
      • Hauteskunde-mahaira joatearekin bateragarria ez den erlijio-komunitate bateko kide izatea; adibidez, klausurako monjeak.
      • Ohiko bizilekua beste autonomia erkidego batera aldatu izana.  
  • Familia arrazoiak
    • Behin betiko arrazoiak:
      • Ama izatea, edoskitze natural edo artifizialeko aldian, haurrak bederatzi hilabete bete arte.
      • Zortzi urtetik beherako adingabeak edo desgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala duten pertsonak zaintzea.
      • Adinagatik, istripuagatik edo gaixotasunagatik bere kabuz moldatu ezin den senideren bat zaintzea (odol-ahaidetasuneko bigarren mailara artekoa).
    • Kasuaren araberako arrazoiak:
      • Hauteskunde egunean garrantzi berezia eta atzeraezina duen familia ekitaldi bat izatea, betiere protagonista bazara edo bigarren mailarainoko odol-ahaidetasuna baduzu.
      • 14 urtetik beherako ume baten aita edo ama izatea, baldin eta beste gurasoak ezin badu adingabeaz arduratu hauteskunde egunean, eta hori egin dezakeen aurreko ahaiderik edo neba-arreba nagusirik ez badago.
  • Arrazoi profesionalak
    • Hauteskunde-batzordeei, epaitegiei eta hauteskundeekin zerikusia duten eginkizunak dituzten administrazio publikoei zerbitzua eman behar izatea hauteskunde egunean.
    • Gizartearentzako funtsezko zerbitzuetan lan egitea: medikuak, osasun zerbitzuak, suhiltzaileak, babes zibila...
    • Hauteskunde egunaren berri eman behar duen komunikabide edo informazio zerbitzu bat zuzendu behar izatea.
    • Hauteskunde egunean, bozketa deitu aurretik programatutako ekitaldi publikoetan parte hartu behar izatea, baldin eta ordezkatu ezin bazaituzte eta zure absentziak ekitaldia bertan behera uztera behartzen badu, kalte ekonomiko nabarmenak eraginez.

Hauteskunde-mahaira agertzea derrigorrezkoa da (70 euroko ordainsariarekin), eta ez agertzea espetxearekin edo isun batekin zigortuta dago: hiru hilabetetik urtebetera bitarteko kartzela zigorra edo sei hilabetetik 24 hilabetera bitarteko isuna.

Ordezko bat izendatu daiteke, eskuordetzen den pertsona senide edo bizilaguna baldin bada, eta zure hauteskunde-mahai berean botoa ematen badu. Legezkoa da, baldin eta tartean diru-transakziorik ez badago.

Saray Zarate Administrazioaren Modernizazioko zinegotzi ordezkaria eta Martin Gartziandia idazkari nagusia. Argazkia: Gasteizko Udala

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago