EAJren Arabako Buru Batzarreko (ABB) presidente Jose Antonio Susok Radio Vitoria irratian egindako elkarrizketa batean aurreratu du 2025aren hasieran kargua uzteko asmoa. 2016an hartu zuen bere gain alderdiaren lurraldeko exekutibaren lidergoa. Egungo lehendakaritza amaitzen duenean, ez du asmorik hirugarren agintaldi baterako bere burua aurkezteko.
"Kargua uzteko adin bat daukat. Zortzi urte daramatzat. Bederatzi egongo naiz, pandemiak bat gehiago egotera eraman gintuelako lehenengoan, baina nik uste dut nahikoa dela", adierazi du buruzagi jeltzaleak. 1961ean jaio zen, Maeztun, eta, beraz, gaur egun 62 urte ditu. "Tokatzen denean, espero dut EAJren Arabako exekutibaren erantzukizunaz arduratzeko prest dauden pertsonak egotea", gaineratu du.
Elkarrizketan, azken hauteskundeen emaitzen balorazio kritikoa egin duen arren, ziurtatu du ez dela damutzen hartutako erabakiez: "Aurrera egin behar da. Nire kargua alderdiaren esku dago beti, eta batzuetan erantzukizunak hartzea tokatzen da", aldarrikatu du. Bere lana, orain, uztailaren 23ko Espainiako hauteskunde orokorretarako kanpaina martxan jartzea izango da.