Basquevolt Innovation Center: bateria elektriko arabarren zentro berria

Erredakzioa 2023ko eka. 19a, 18:00

Maider Etxebarria Gasteizko alkate berria izan da inaugurazioan. Argazkia: Gasteizko Udala

Miñaoko Parke Teknologikoan inauguratu dute gaur Basquevolt enpresaren ikerketa eta garapen zentro berria, 2028an Araban ekoitzitako bateria elektrikoak automobilgintzako merkatura iristeko aurreikuspenarekin.

Urtebeteko lanaren ostean, Basquevolt enpresak Basquevolt Innovation Center I+G zentro berria inauguratu du astelehen honetan Miñaon, Arabako Parke Teknologikoaren E9 eraikinean (huts egindako Epsilon-Euskadi proiektuaren egoitza izandakoa). Laborategi berriak jarri dituzte martxan, bertan belaunaldi berriko bateria-gelaxkak garatzen jarraitzeko, %100eko teknologia europarrarekin.

Euskal Herriko baterien lehen fabrikaren inaugurazio ekitaldian izan dira, besteak beste, Gasteizko alkate izendatu berri den Maider Etxebarria, Iñigo Urkullu lehendakaria, Arantxa Tapia sailburua eta Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusia. "Gure industria sektorearen dinamismoaren, berrikuntzaren eta lankidetzaren" adibidetzat jo du proiektua Urkullu lehendakariak.

Lehendakariak proiekturako Europako funtsen finantziazioa aldarrikatu du. Izan ere, Industria Ministerioaren deialdiak ia aukerarik gabe utzi du euskal proiektua. "Europako funtsekin ala horiek gabe", orain arte 30 milioi euro inguru inbertitu ditu Eusko Jaurlaritzak, eta proiektuarekiko bere konpromisoa berretsi du gaur.

Basquevolt

Basquevolt S.A. konpainia kapital publiko-pribatuko sozietatea, eta Eusko Jaurlaritza %25aren jabea da. Sortu eta urtebetera, 40 langile baino gehiago ditu, tartean hamabost nazionalitateko nazioarteko adituak eta tokiko talentu gazteak. Lantaldea errendimendu osoz lan egiten ari da bere teknologiaren garapenean eta eskalatze industrialean, munduko enpresa aurreratuenekin lehiatzeko eta auto elektrikoen merkatua "demokratizatzeko".

Zigilu arabarreko konpainia 2022an hasi zen lanean, litiozko bateriak egoera solidoan egiteko materialak garatu eta fabrikatzeko. Patentatutako teknologia propioa du: polimeroen eta material ez-organikoen konbinazio bat, litiozko bateriak artearen egoeratik harago eramaten dituena. CIC energiGUNEn arloko ikertzaile ospetsuenetako batzuek hamar urte baino gehiagoz egindako ikerketaren emaitza da.

2028an, automobilgintzaren merkatura

2027ra arte garapen teknologikoan murgilduta izango dira. Basquevolten aurreikuspena da 20Ah-ko gelaxkaren lehen prototipoa urte honen amaieran fabrikatuta izatea bere laborategietan.

Hurrengo helburua 2025aren amaieran 10 GWh-ko ekoizpen-lerro bat martxan jartzea da, 2027an modu industrialean ekoizten hasteko: fabrika berri batean, 700 milioi eurotik gorako inbertsioarekin eta zuzeneko 800 lanpostu baino gehiago sortuz. Modu horretan, 2028an automobilgintzaren merkatura iristeko. Europako Batasunean errekuntza-motorren amaiera zazpi urte geroagorako dago aurreikusita, hau da, 2035erako.

Bateria horrekin ibilgailuen autonomia %50 luzatzea lortu nahi dute, baita kostua (-%30) eta tamaina murriztu ere. Gaur egungo ohiko bateriek, berriz, 500 kilometroko autonomia dute, kostu handiagoarekin, eta, gainera, teknologia txinatarraren menpe daude.

Biltegiratzea eta elektrifikazioa

Automobilgintzaren sektoreko elektrifikazioan duen eraginaz gain, Basquevolt enpresaren bateriek energia geldikorreko biltegiratze lehiakorragoa ahalbidetuko dute, baita aireko zein trenbideko garraioko elektrifikazioan aurrerapenak egitea ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago