Levante 0-1 Alaves

Lehen Mailan izango da Alaves

Erredakzioa 2023ko eka. 17a, 23:57

Levanteren zelaira gerturatu diren zaletuekin ospatu dute jokalariek garaipena. / Argazkia: ALAVES

Villalibrek, penalti bidez, partidako azken minutuan lortu du garaipenaren gola.

Joaneko partidan bezala, norgehiagoka guztian zehar golik lortu ezinda ibili dira bi taldeak. Alavesek partida serioa egin du eta garaipena merezi izan badu ere, 90 minutuak golik gabe bukatu dira. Luzapenean bide beretik joan da partida eta berdinketak Levanteri mesede egiten ziola jakinda, Alavesen ametsa pixkanaka itzaltzen joan da.

Gasteiztarren etorkizuna ia erabakita zegoenean eta Levante lehen mailarako txartela eskuratzear zegoela, Alavesek hil ala bizi egin du valentziarren areara. Azken saiakera horretan, eta epaileak  partida amaitutzat eman behar zuenean, Levanteko jokalari batek eskuarekin ukitu du baloia area barruan. Halere, epaileak ez du penaltia berehalakoan adierazi eta VAR-aren irudiak ikusi behar izan ditu arauhaustea adierazteko.

Hasiera batean baloia Riojak hartu badu ere, azkenean Villalibre izan da penaltia jaurtitzeko arduraduna eta maisuki eskuratu du gasteiztarrentzat garaipenaren gola. Horri esker, Alaves lehen mailan izango da datorren denboraldian berriz ere.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago