Aramaio eta Eskoriatza artean egin nahi duten parke eolikoaren inguruko herri kontsulta egingo dute Arabako herrian. Goienak jaso duenez, joan den larunbatean antolatu zituzten jardunaldien ostean jakitera eman du Iban Herrarte alkategaiak: "Herri kontsulta egitea eskatu dute, eta egingo dugu, ikusteko, kuantitatiboki, herrian dagoen ezezko joera hori noraino heltzen den".
Aztikerren laguntzarekin, taldeka banatuta, hainbat herritar bildu ziren larunbatean parke eolikoaren inguruan antolatutako lantaldeetan. Besteak beste, parke eolikoaren proposamenaren aurrean alegazioak, bide juridikoak eta administratiboak lantzeko talde bat osatu zuten; proiektuaren inguruko informazioa eta komunikazioa lantzeko beste bat; eta energia alternatiboak eta estrategiak lantzeko beste bat antolatu zituzten.
Herritarrek landutakoak entzun zituzten udal ordezkariek ere. "Argi geratu da sentsibilizazio ezberdineko jendea egon arren herrian, jendea ez dagoela proiektu hau egitearen alde. Herritarren lanarekin eta Udalaren lanarekin, alegazio epean gaudenez, talde tekniko juridiko batzuekin kontaktuan jarrita gaude eta alegazioak aurkeztuko ditugu proiektuaren aurka", azaldu du Herrartek. Herritarren iritzia jasoko dute, eta horretarako herri kontsulta bat prestatuko dute. "Eskaera lehenbailehen egingo da, baina legedia aldetik Aldundiak baditu jarraibide batzuk eta hori kontsultatuko dugu lehenengo. Bestalde, orain, agian, ez da sasoirik onena horretarako. Oporrak datoz, parte-hartzea txikiagoa izan daiteke eta zabalkundea egiteko ere erakunde ezberdinetara bidali beharko da eta data egokiak topatu behar dira egiteko".
Herrartek jakinarazi du bide bat zabalduko duela Udalak proiektuaren gainean herritarrek duten iritzia jasotzeko. "Etorri diren herritar denei eskerrak ematea gurako nuke eta ezin izan dutenei etorri esan bide bat zabalduko dugula horren bitartez helarazi ahal dituztela euren iritziak".