Oinharri eskola: herri mugimenduentzako eskola politiko berria

Erredakzioa 2023ko eka. 13a, 10:30

Duela lau urte sortu zen Oinharri Eskola, 2019an. Argazkia: OINHARRIESKOLA.eus

Brasilgo MST mugimendutik ekarritako metodo politiko-pedagogiko berezi bat erabiliz, formakuntza barnetegiak antolatu dituzte uztailaren 15etik 23ra Errekaleorren, Teoria eta praktika politikoa elkarbizitzan uztartzen izenburupean.

2019an martxan jarri zen Oinharri Eskola, herri mugimenduentzako formakuntza politikorako eskola sortzeko eta eraikitzeko prozesua. Orduz geroztik, Formakuntza Barnetegien antolakuntza izan da bere jarduera nagusia.

Formakuntzarako metodo politiko-pedagogiko berezi bat erabiltzen dute, Brasilgo MST mugimenduaren Florestan Fernandes Eskolatik ekarritakoa, "bizipenetan, integraltasunean, materialismo dialektikoan eta formakuntza integralean" oinarritzen dena.

Azken lau urteetan barne-mailako lanetan zein formakuntza jarduerak probatzen aritu dira. Orain, metodo hori Euskal Herrira egokitzeko asmoa du Oinharri Eskolak, herri mugimenduko antolakunde eta militanteentzako eskola politikoa izateko helburuarekin.

Uztailean, Errekaleorren

"Ez ditugu jada existitzen diren formakuntza eskaintzak errepikatu nahi; daudenak modu berri batean osatu nahi ditugu, Euskal Herrian eskaintzen ez den formula berri batekin", azaldu dute. Hain zuzen, aurten ere udako Formakuntza Barnetegiak izango dira Oinharri Eskolaren jarduera nagusia.

Azken hiru urteetan bi barnetegi garatu dituzte: lehenengoa Amaiur herrian, 2019an, eta bigarren Errekaleor auzoan, 2021ean. Aurtengo edizioa hirugarrena izango da, eta berriz ere Errekaleorren egingo da, uztailaren 15etik 23ra bitartean, Teoria eta praktika politikoa elkarbizitzan uztartzen izenburupean.

Formakuntza eta praktika politikoa eskaintzeaz gain, bertako produktuak erabiliko dituzte otorduetan. Gainera, haurrentzako formakuntza ere eskainiko dute, gurasoak haurrekin hurbil daitezen. Azaldu dutenez, parte-hartzea doakoa izango da, eskolak berak finantzatuko baitu: "Parte-hartzaileek jarri behar duten gauza bakarra motibazioa da", azpimarratu dute.

Formakuntza Barnetegian izena emateko formulario berezia jarri dute martxan, Oinharri Eskolaren webgunearen barruan.

Udaberrian, formakuntza asteburuak

Hala ere, ikasturteko jarduera uztaileko Formakuntza Barnetegiarekin borobilduko duten arren, sukalde lana ez da makala izan. Udaberrian zehar hainbat formakuntza asteburu antolatu dituzte, hiru helburu nagusirekin.

"Alde batetik, Oinharri eskolara hurbiltzeko, proiektua aurkezteko eta formakuntza ikuspegia ezagutarazteko espazioa izatea. Bestetik, Oinharri eskolak Formakuntza Barnetegietan aplikatzen duen metodo politiko-pedagogikora hurbiltzeko espazioa eskaintzea, eta horretarako dimentsio politiko-pedagogiko guztiak lantzea. Eta, hirugarrenik, asteburu bakoitzean proposatu diren eduki politikoak lantzeko eta eztabaidatzeko espazio kolektiboa sortzea".

Bestalde, udaberrian zehar, Euskal Herriko hiriburu eta eskualde batzuetan Oinharri Eskolaren aurkezpenak egin eta egingo dituzte, proiektua ezagutarazteko eta udako Formakuntza Barnetegiaren deialdia zabaltzeko. Proiektuaren inguruko informazio gehiago topa daiteke Oinharri Eskolaren Mastodon, Twitter, Instagram eta Telegram sare sozialetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago