Murrizketak salatu dituzte Arabako Ospitale Psikiatrikoan

Erredakzioa 2023ko eka. 13a, 09:30
Arabako Ospitale Psikiatrikoa. Argazkia: Osakidetza

LAB sindikatuak jakitera eman du Arabako Ospitale Psikiatrikoko arlo gerontopsikiatrikoan erizaintza laguntzaileko hiru lanpostu desagerraraziko dituen birmoldaketa egingo dela.

"Beste murrizketa bat Arabako osasungintza publikoan, oraingoan ere osasun mentalean", salatu du LAB sindikatuak, Arabako Ospitale Psikiatrikoan ezarriko diren birmoldaketen berri emateko astelehen honetan zabaldutako ohar batean.

Sindikatu abertzaleak gogora ekarri duenez, otsailaren 7an ospitale horretako 43 ohe desagertu zirela iragarri zen, hau da, edukiera osoaren ia laurdena. Gainera, Errehabilitazio Intentsiboko eremua desagertu egin da, eta langileek ere murrizketak jasan dituzte, erizaintzako laguntzaileen kategoria kaltetuena izanik.

Berriki, ekainaren 7an, Arabako Osasun Mentaleko Sarearen zuzendaritzak gerontopsikiatria arloaren birmoldaketa iragarri du. LABek ohartarazi duenez, horren ondorioz erizaintza laguntzako hiru lanpostu tekniko desagertuko dira. Bestalde, birmoldaketak autokontzertazioari bide emango diola jakinarazi du zuzendaritzak: "Horrek esan nahi du psikiatriako profesionalek ohiko lanaldiaz harago lan egingo dutela. Osasun Mentaleko Sarea profesional gehiagoz hornitu beharrean, aparteko orduetan oinarritutako aldi baterako neurriak hartzen dituzte", kritikatu dute.

Osasun mentalaren pribatizazioa

Horrekin batera, LAB sindikatuaren arabera, dagoeneko hasi dira unitate horretako paziente batzuk egoitza pribatuetara lekualdatzeko kudeaketak: "Itxura guztien arabera, ondo antolatutako estrategia da osasun arreta mentala desegiten eta pribatizatzen jarraitzeko".

"Komunikabideetan arreta mentalaren beharra areagotzen ari dela etengabe entzutea ohikoa den une honetan, eta duela bi hilabete zuzendaritzak berak aurkeztutako datuen arabera 35 urtetik beherakoetan arreta mentala %40 areagotu dela dakigun honetan, argi dago murrizketa neurri horiek ezartzea pribatizazio estrategiarekin baino ezin daitekeela lotu", ohartarazi du LABek. "Horixe da Osasun Sailak osasun mentalerako duen eskaintza bakarra: murrizketak, desegitea eta pazienteak enpresa pribatuetara bideratzea".

"Osasun mentalaren ustezko modernizazio baten mesedetan, arreta hori pribatizatzen ari da, enpresa pribatuen eskuetan pazienteak erabateko babesgabetasunean utzi eta enplegu publikoa suntsitzearen bidez", gaineratu dute. Horren aurrean, pazienteak, senideak eta langileak mobilizazioekin jarraitzera animatu ditu sindikatuak, "EAJk eta PSEk bultzatutako osasun politiken ardatz den pribatizazio grina geldiarazteko".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide