Lorca eta Milanes oroituko dituzte Santa Maria katedralean

Erredakzioa 2023ko eka. 12a, 17:59

Pablo Milanes gogoratuko du Caco Senantek. C.SENANTE

Caco Senantek omenaldi txiki bat egingo dio Pablo Milanesi 'Kontzertuan eta irekita' zikloan

Gasteizko katedral zaharra berriz ere musikaz beteko da uztailean. Kontzertuan eta irekita zikloari esker, besteak beste, omenaldi berezia egingo diote Pablo Milanes Kubako kantautoreari, hil aurreko azken kontzertua Santa Maria katedralean bertan eman eta gero.

Guztira, lau emanaldi egingo dira uztaileko azken bi asteburuetan: 21ean eta 22an, eta 28an eta 29an. Berritasun gisa, aurten aurreratu egingo da emanaldien ordua, eta 19:30ean hasiko dira.

Lehenengo kontzertua Goizargi Gospel Choir-ena izango da, eta uztailaren 21ean (ostirala) izango da. Talde horretako kideak "Euskadiko hamabi ahots onenak" dira aditu askoren iritziz, eta taldea, gaur egun, estilo horretako erreferentzietako bat da, duen energiagatik, indarragatik eta kalitateagatik. Ramon Escaleren zuzendaritzapean, gaur egun, Life Celebration ikuskizunaren aurkezpenean murgilduta daude, eta lan hori ekarriko dute Kontzertuan eta irekita ekimenera.

Uztailaren 22an (larunbata), Juan Valderrama abeslariak El diván del Tamarit Federico Garcia Lorcaren olerki bilduma interpretatuko du, Carlos Canok musikatua. Obra horrek mende laurden bat baino gehiago darama oholtzaratu gabe, eta haren eszenaratzea bat dator Granadako poetaren jaiotzaren 125. urteurrenarekin.

Hurrengo kontzertua uztailaren 28rako (ostirala) programatuta dago, eta Emeki du izena. Basabi taldearen eta Andromachi Kouforgiorgou greziar abeslariaren arteko lankidetza proiektua da. Proposamen hori hainbat kulturatako kantutegi tradizionalaren sehaska abestietan oinarritzen da, eta Basabiren egiturara egokitzen ditu. Interpretatzen dituzten lo kanta guztiak hizkuntza eta dialekto ez-menderatzaile eta minoritarioetakoak dira, eta, horren bidez, belaunaldiz belaunaldi abesti horiek ahoz aho transmititu dituzten herriak bistaratu nahi dira.

Azkenik, uztailaren 29an (larunbata), Caco Senante kantautore kanariarraren txanda izango da. Kanarietako Abesti Berriak mugimenduaren bultzatzailea da, eta musika ibilbide luzea egin du; abesti politikoetatik poemak egokitzera igaro da, eta, ondoren, saltsara eta bolerora. Senantek Gasteizera ekarriko ditu bere Intimamente... ikuskizuna eta arrakasta guztiak, bai eta abesti berriak ere.

Gainera, Kanarietako kantautore horrek omenaldi txiki bat egingo dio Pablo Milanes adiskideari. Duela urtebete agertoki horretan bertan egon zen 2022ko Kontzertuan eta irekita ekimena zela eta, eta duo hunkigarria egin zuten biek batera. Hori dela eta, eta Kanarietako musikariak berak eskatuta, 2023ko 'Kontzertuan eta irekita' ekimenaren itxiera Pablo Milanési eskainiko zaio.

Lau kontzertuetarako abonuaren prezioa 30 euro izango da, eta egun bateko sarrerena, berriz, 10 euro. Ekainaren 14tik aurrera sarrerak eta abonuak eskuratu ahal izango dira www.abiertoporconcierto.eus webgunearen bidez edo katedralean bertan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide