Uholdeak, berriz ere, Arabako herrietan. Eta horiekin batera, gainezkatutako ibaiak, urez betetako etxebizitzak, baratzeak eta lursailak, eta suhiltzaileen esku-hartzeak. Horixe da igande honetako ekaitzen ondorioz bizitako panorama, besteak beste, Lantaron udalerrik Larrazubi, Fontetxa, Bergonda eta Caicedo kontzejuetan, edota Azazetan (Arraia-Maeztu).
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri zuen ekaitz-arriskuagatik, igande honetako 12:00etatik 21:00etara. Espejoko estazio meteorologikoak, adibidez, metro koadroko 24 litro erregistratu zituen ordubeteko epean, 17:50ak aldera. Navarreteko (Bernedo) estazioak, berriz, daturik altuena erregistratu zuen: metro koadroko 74,4 litro ur jaso ordubetean.
Asteleheneko garbiketa lanekin batera, bizilagunen eta batzar administratiboen kritikak iritsi dira. Besteak beste, Aldundiari, udalei eta Uraren Euskal Agentziari (URA) ibaien emariak behar bezala kontrolatzea eskatu diete.