Irakurketa feministako klubek topaketa egingo dute larunbatean Kexaan

Erredakzioa 2023ko eka. 1a, 12:22

Karmele Jaio izango da aurten idazle gonbidatua. Arg: ALEA

Gonbidatutako idazlea Karmele Jaio da; solasaldia izango dute Aitaren etxea liburuari buruz.

Laiak antolatutako Arabako irakurketa feministako klubek urteroko topaketa egingo dute Kexaan larunbatean. Hitzordu horrekin, literaturaren bidez ahalduntze kolektiboa sustatzen duten irakurketa kluben ikasturtea amaituko dute. 

Ikasturte honetan 12 klub egon dira martxan. Gaztelaniaz, La hora violeta izenburupean, Añana, Aiara, Gorbeialdea, Arabako Lautada, Mendialdea eta Arabako Errioxako kuadrilletan eta Trebiñun; euskaraz, berriz, Aiara, Lautada, Errioxa, Mendialdea eta Gorbeialdeko klubak. Hilean 160 emakume baino gehiago elkartzen dira literatura tradizio feministari buruz hausnartzeko, partekatzeko, ikasteko eta hitz egiteko. Klub horiek 2016an jarri ziren martxan, lehena Lautadako Kuadrillan, eta gero beste kuadrilla batzuk gehitu ziren, bai eta Irakurle Kluba ere euskaraz.

Kexaako topaketan, 150 bat emakumek eman dute izena. Gonbidatutako idazlea Karmele Jaio da; bere Aitaren etxea liburuaz hitz egingo du, aurten gaztelaniazko klubetan irakurri duten liburuetako bat. Idazleak eleberria idazteko prozesua nolakoa izan den azalduko du, eta eleberrian lantzen diren gai batzuk nabarmenduko ditu, hala nola maskulinitateak, emakumeen eta gizonen arteko botere harremanak edo indarkeria matxistak.
 
Jardunaldia osatzeko, Aiarako bola jokoa ikusi, bazkaria egin eta ametsen hariztia bisitatuko dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago