2.000 pentsiodun baino gehiago bildu dira Gasteizen, pentsio duinen alde

Erredakzioa 2023ko mai. 25a, 21:00

Ostegun honetan Gasteizen bat egin dute Bilbotik, Bergaratik eta Aguraindik abiatutako pentsiodunen hiru martxak. Kilometro askoren ostean, Legebiltzarra inguratu dute 1.080 euroko gutxieneko pentsioa exijitzeko.

Aste hasieran, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak antolatutako hiru martxa abiatu ziren Bilbotik, Bergaratik (asteartean) eta Aguraindik (asteazkenean), 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzeko asmoz. Ostegun honetan borobildu dute ekimena Gasteizen. Arabako hiriburura iritsi dira hiru zutabeak, eta bertan elkartu dira, Eusko Legebiltzarra inguratuz martxei amaiera emateko.

Atzoko etapari dagokionez, Arabako zutabea (Aguraindik abiatutakoa) 09:30ean abiatu zen Dulantzitik, eta animo oihuen artean igaro zen Burgu, Oreitia eta Arkautitik, Elorriagara iritsi aurretik. Bizkaiko zutabea, berriz, Otxandiotik Legutiora abiatu zen atzo; bazkalostean, Gamarra Nagusiraino joan ziren pentsiodunak, Gasteizko hirigunera hurbildu aurretik. Gipuzkoako zutabea Landatik abiatu zen, eta Dura herrian bazkaldu ostean, Gamarratik iritsi zen Gasteizera.

Herri askotako alkate, zinegotzi eta herritarrek harrera egin diete hiru zutabeetako kideei. Azkenik, denak Gasteizen bat eginda, 2.000 bat lagun bildu dira gaurko manifestazioan. 09:00etan Gamarratik abiatu dira elkarrekin, eta 10:30ak aldera iritsi dira Iparralde gizarte etxera, bertan mobilizazioari ekiteko.

Amaieran, Eusko Legebiltzarra inguratu dute, arduradun politikoei 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea exijitzeko. Horrekin batera, ohartarazi dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 167.718 pentsiodun direla 1.080 euro baino gutxiago kobratzen dutenak —"gehienak emakumeak", azpimarratu dute—; Nafarroan, berriz, 51.306 lagun dira.

Jaurlaritzaren aurrekontuaren %2 beharko luke pentsioak duintzeko osagarri bat ezartzeak: 230 milioi euroko kostua; 60 milioi euro inguru Nafarroaren kasuan. "Erabakia hartzea EAEko eta Nafarroako gobernuen eta parlamentuen borondate politikoaren menpe dago, eta ez dago hori eragozten duen arrazoi politiko edo ekonomikorik", gaineratu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago