Gogoan duzu Alavesen igoera 1998an?

Erredakzioa 2023ko mai. 19a, 13:30

Santiago de Pabloren eskutik, duela 25 urte Alaves Lehen Mailara igo zeneko hamabi argazki bildu ditu Photo Arabak, Glorioso 1998 izeneko erakusketan.

Photo Araba atariak Glorioso: 1998 maiatzak 3 erakusketa birtuala plazaratu du, Deportivo Alaves futbol talde arabarra 1997-1998 denboraldian, Lehen Mailara igo zela gogoratzeko. Erakusketa Santiago de Pablo EHUko Historia Garaikideko katedradun eta klubaren liburu ofizialaren egileak osatu du, argazkiak hautatuz eta testuak idatziz.

Duela 25 urteko maiatzaren 3an, igande batean, izan zen Arabako futbolzaleen memorian ondo gordetako gertakari historiko hura. Jose Manuel Esnal Mané entrenatzailearen zuzendaritzapean, Alavesek 3-0 irabazi zion Rayo Vallecanori, jendez eta bufanda txuri-urdinez gainezka zegoen Mendizorrotzeko estadio zaharrean.

Emaitza horri esker, Espainiako Futbol Liga Profesionalaren Lehen Mailara itzultzea lortu zuen Gloriosok. Besteak beste, argazkietan ageri diren Oscar Tellez, Antonio Karmona, Manolo Serrano, Sivori, Javi Moreno eta Paco Leal atezainak osatzen zuten talde mitiko hura. Zelaiaren inbasioarekin amaitu zen partida, eta ospakizuna ordu erdiz luzatu zen. Argazkietan ageri diren gaztetxoek 40 urte inguru izango dituzte gaur egun. 

L&P Fotógrafos-enak dira hautatutako argazkiak, 2021ean Arabako Foru Aldundiari dohaintzan emandako bildumaren parte. Argazkiek partidaren emozioa eta jokalariek zein zaleek futbol zelaian egindako ospakizuna jasotzen dituzte, baita biharamunean Andre Maria Zuriaren plazan bizitakoa ere. Ospakizunean ez zen falta Francisca Ortiz de Guzman, La Paca, alaveszaletasunaren ikonoa eta klubeko bazkidea 1927tik.

Argazki historikoak ikusarazteko Arabako Artxiboaren Photo Araba atariak 120.000 irudi baino gehiago ditu dagoeneko eskuragarri, online eta doan ikusi eta deskargatzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide