Jesus Guridi Bidaola (Gasteiz, 1886 - Madril, 1961) konpositore ospetsuaren senideek haren familia zein lanbide bizitzari buruz hain ezagunak ez diren alderdiak azaltzen dituen material ugari eman dio Sancho el Sabio Vital Fundazioari. Haren semeetako batek, Javier Guridik, Donostiako bere etxean gordetzen du familiaren dokumentazioaren zati bat, eta orain erabaki du Gasteiz, zehazki Sancho el Sabio Fundazioa, izatea ondare hori kontserbatzeko eta zabaltzeko lekua.
Musikagile arabarra Florida kaleko 36. zenbakian jaio zen, eta genero guztietako musika obra zabala utzi zuen: instrumentala, korala, opera, zarzuela, kamera eta organoko musika... Tartean Mirentxu, Amaya eta El Caserío bezalako lanak, baita horren ezagunak ez diren beste hainbat ere, beti ere kalitate handikoak. Musikaz, oro har, eta euskal musika tradizionalaz bereziki, ezagutza oparoa agerian utzi zuen.
Gasteizek etengabeko aitortza eskaini izan dio konpositoreari, eta halaxe erakusten dute 1986an haren jaiotzaren mendeurrenaren harira egindako ospakizunek, kale batek haren izena eramateak edo hiriko goi mailako musika heziketarako erakundea Jesus Guridi Kontserbatorioa izateak.
Sancho el Sabio Fundazioak Guridiren erreferentzia ugari bildu izan du urteetan zehar, eta azken dohaintza honek Gasteizko musikagilearen inguruko ondarea zabalduko du: gutunak, familia eta lanbideko argazkiak, partiturak, agendak, liburuxkak, postalak... Katalogo inbentarioaren arabera, deskribatutako eta digitalizatutako 254 erreferentzia dira guztira, eta www.sanchoelsabio.eus webgunean kontsultatu ahal izango dira laster.