Durkheim berretsi du Korrikak

Erredakzioa 2023ko mai. 17a, 09:00
Korrikaren ondorioz izaten den "eferbeszentzia kolektiboa" aztertu dute. ALEA

Euskararen aldeko ekimenak "efektu psikologiko positiboak" dituela ondorioztatu du EHUko ikerketa batek. Eragin hori sei aste pasata ere atzeman dute. 

Duela mende bat baino gehiago Emile Durkheim (1858-1917) soziologoak errito kolektiboen inguruan osatu zuen teoria betetzen du Korrikak, EHUko ikerketa batek ondorioztatu duenez. Soziologiaren aitzindariak proposatu zuen bilkura kolektiboetan parte hartzeak ondorio positiboak dituela gizakien artean, eta ahalduntze kolektiboan eragina duela, soziologoak hain modan dagoen terminoa erabili ez bazuen ere. Urte luzez, soziologo eta antropologo ugarik sakondu dute fenomeno horretan, eta ikusi dute errito kolektiboak gizarte ororen bizkarrezur garrantzitsu direla.

Orain, EHUko Gizarte Psikologiako Kultura, Kognizioa eta Emozioa ikerketa taldeko zientzialariek egiaztatu dute Korrikan ere ondorio positibo horiek gertatzen direla. Jon Zabala ikertzailearen doktoretza tesian oinarritutako zientzia artikulua Frontiers in Psychology aldizkarian argitaratu dute. 

2019ko Korrikan parte hartu zuten hainbat korrikalarirekin egin dute azterketa. Euskararen aldeko ekimenean parte hartu baino lehenago, Korrika izaten zen bitartean, eta ondoren aztertu dituzte parte hartzaileak. Giza zientzietan egin ohi den moduan, galdetegietan abiatu dute ikerketa: 273 laguni pasa diete galdetegia. 

Halako errituen ostean, "gizabanakoak gizartearekiko fede eta energia eraberrituak dituztela itzultzen dira beren bizitza indibidualetara", EHUk ohar batean azaldu duenez. "Eraberritze sentsazio hori eferbeszentzia kolektiboak ahalbideratzen du", erantsi dute. Eferbeszentzia kontzeptu hori titularrera ere eraman dute: Korrika, running in collective effervescence through the Basque Country: A model of collective processes and their positive psychological effects.

Jon Zabala ikertzailearen esanetan, "gizakia izaki soziala da, eta erritu kolektiboetan parte hartzeak eragin psikologiko positibo ugari ditu, bai talde gisa, bai indibiduo gisa". Zabalaren esanetan, "parte hartzaileek ongizatearen adierazle maila altuagoak erakusten dituzte Korrikan parte hartu ondoren, aurretik baino". Integrazio sozialaren aldagaian, adibidez, Korrika bukatu eta sei astera igartzen da eragina.

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide