Bederatzi argazki aukeratu ditu Iñaki Armentia Gomez de Segurak Photo Araban, Arabako Artxiboaren argazki ondarea zabaltzeko atarian, herrialdeko pilotarien ibilbidea gogoratzeko, eta urte horietako zenbait pasadizoren berri emateko. Erakusketa birtual horretan, Ogeta eta Galarretaren 1953ko argazkia ikus daiteke, esate baterako; edo urte berekoa den pilotarien arteko apustuen irudi bat. Halere, Pagaldai, Mingo, Ramiro, Recio eta Diaz Chusquel pilotari afizionatuak Arabako Afizionatu mailako Pilota Txapelketan (1955eko otsailaren 6an) agertzen dira. 1955eko Probintziako Pilota Txapelketaren sari banaketa bat ere jasota dago; edo Antonio Compañon Castells Txikito de Bernedoren irudi bat. Aguraingo Marcelo Zerain, maila handiko eskularia, ere agertzen da erakusketan, 1923ko argazki batean; eta frontoi motzeko erremintadun pilota jokoan aritzen ziren Lejarzegi, Larrea, Mantxola, eta Bojas, Probintziako Txapelketako Palako finalean.
Angelusa
Halaber, 1959ko irudi bitxi batean, Picote (Errioxa) eta Alberdi (Araba) pilotariak, angelusa bitartean agertzen dira, Gasteizko Frontoian jokatutako Federazioen Torneoko partida batean. Gomez de Segurak jaso duenez, eguerdiko hamabietan, elizako kanpaiak jotzen hasten zirenean, Arabako landa eremuan nekazaritza lanak eten egiten ziren otoitz egiteko. "Ohitura tradizional hori frontoietan ere ospatzen zen. Partidua eten egiten zen, eta pilotariak, apaiza, epaileak eta zuzendaritzako kideren bat jartzen ziren kantxaren erdian, eta ikusleak zutik jarrita, burua agerian, angelusa errezatzen zen".
Munduko pilota txapeldunak
Bestalde, 1967ko urtarrilaren 14ean, San Miguel parrokian, Guardiako Rodolfo Madridi eta adopzioz gasteiztarra zen Luis Benito Naldari eginiko omenaldia jasotzen du erakusketak. Eskuko bi pilotari nabarmen izan ziren, Araba ordezkatu zutenak Federazioen Torneoan, afizionatu mailako estatu mailako txapelketan. 1965ean Estatuko eskuz binakako txapeldunorde izatea lortu zuten, eta 1966an txapeldun. 1967an, berriz, Montevideon (Uruguai), munduko euskal pilota txapelketaren bosgarren edizioa egin zen, eta, bertan, Madridek eta Naldak urrezko domina lortu zuten, finalean Hernandez eta Tobar mexikarrei irabazita. Lehen aldiz lortu zuten Arabako pilotariek halako garaipena munduko txapelketa batean. Horrek oihartzun mediatiko handia izan zuen. Orduan pilotazaletasuna ia futbolaren mailan zegoen, eta saskibaloiaren gainetik; beraz, Uruguaitik bueltan, bi pilotariek omenaldi publikoa jaso zuten. 1967ko urtarrilaren 14an, goizean, ekitaldi erlijioso bat egin zen, San Migel parrokian, agintari zibilak, federaziokoak eta jende asko bertaratuta.