Iruña Okako udalbatzak aho batez onartu du etxeko ospitalizazio zerbitzua Arabako udalerri guztietara zabaltzea eskatzen duen mozioa. Osakidetzak Arabako udalerri jakin batzuk zerbitzu horretatik kanpo uzteari erantzuten dio mozioak. Izan ere, udalak uste du "hiriburutik kanpo bizi diren pertsonen aurkako diskriminazioa dakarrela" erabakiak, eta "Arabako landa-inguruneko zerbitzuak hobetzeko eta finkatzeko politiken aurka doala".
Osakidetzak Etxeko Ospitalizazio Zerbitzua (HaD) 1983tik eskaintzen die Bizkaiko eta Gipuzkoako herritar guztiei, baina Araban kanpoan uzten ditu Urkabustaiz, Kuartango, Erriberagoitia, Erriberabeitia, Iruña Oka, Urizaharra eta Arabako Mendialdeko herritarrak, besteak beste.
EH Bilduk atzoko Iruña Okako udalbatzan aurkeztu zuen mozioak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatzen dio etxeko ospitalizazio zerbitzua Arabako udalerri guztietara zabaltzeko, "pazienteen segurtasuna bermatuz eta ezartzeko behar diren baliabideak eskainiz". Udalak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta dagozkion administrazio batzarrei bidaliko die mozioa.
Diputazioaren laguntza
Ildo beretik, Urkabustaizko Udalak apirilean onartu zuen Osakidetzak orain arte ematen zuen zerbitzua ezartzeko eta Araba osora zabaltzeko eskatzen zuen mozioa; eta asteon bertan, "babesa" eta "laguntza" eskatu diote aldundiari. "Urkabustaizko Udalak laguntza eskatu dio Arabako Foru Aldundiari, Ramiro Gonzalez diputatu nagusiari zuzendutako idatzi baten bidez, ospitale zerbitzu berberak izateko eta Arabako landa eremuari osasun zerbitzuak ematean diskriminaziorik ez egoteko". Osakidetzak Euskal Herriko gainerako herrialdeetan ematen dituen osasun zerbitzu berdinak exijitu ditu udalak.