Behin goizean goiz ager daitezkeen lanbroak altxatuta, zerua hodei gutxirekin geratuko da gaur, erdi eta goi mailako hodeiez zipriztinduta. Hego-mendebaldetik joko du haizeak, ahul-bizi, baina arratsaldean ipar-ekialdeko osagaia hartuko du, eta gogorrago egingo du, gainera. Termometroei dagokienez, bero handia mantenduko da: Gasteizen 8 eta 26 gradu arteko aldea espero da.
Asteburuan, antzeko agertokia espero izatekoa da larunbat goizean: goiz lanbroaren ostean zeruan erdi eta goi mailako hodeiak baino ez dira egongo. Arratsalde partean, baina, bero hodeiak garatu daitezke, eta izaera trumoitsuko zaparradaren bat bota dezake. Hodei horiek geratuko dira igandean, eta goizean euri txikiren bat bota dezake ere. Horrek lagunduko du tenperaturak zertxobait jaitsiarazten, batez ere igandean: hurrenez hurren, 9-26 eta 9-21 gradu arteko aldeak izango dira hiriburuan.