Hezkuntza lege berriari planto egin diote Legebiltzar parean

Giuliana Preciado 2023ko mai. 4a, 13:31

Hezkuntza lege berriari ezezkoa eman dio Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak Legebiltzarraren aurrean, eta euskal eskola publikoaren aldeko dekalogoa aurkeztu du. 

"Hezkuntza lege honi ezezkoa esateko bildu gara gaur berriro ere. Legebiltzarrean akordio politiko bezala saldu dutena, akordio sozialik ez duela adierazteko", esan dute goizean eginiko agerraldian. Eskola publikoaren "protagonismoa" aldarrikatzen jarraituko dutela nabarmendu dute eta dekalogo bat proposatu:

1. Eskola publikoa da hezkuntza sistemaren zerbitzu publikoa, hezkuntza- eskubidea guztiontzat bermatzen duen bakarra. Titulartasunak agintzen du zein den publikoa (guztiona) edo pribatua (erakunde pribatuena); titularitateak zehazten du ikastetxe batek zer egin dezakeen eta Hezkuntza Sailak noraino har dezakeen parte kudeaketan. Zeharo ezberdinak diren bi sareak berdindu nahi dituen Hezkuntza Zerbitzu Publiko izenekoaren sorrera pribatizatzailea izango da eta eskola publikoa arriskuan jarriko du.

2. Eskola publikoak berekin ditu ezaugarri hauek: unibertsala, euskalduna, inklusiboa, berdintzailea, parte hartzailea, anitza, konpentsatzailea, doakoa, laikoa... bi hitzetan, denona eta denontzat, erdigunean jarri eta zaindu behar duguna, eskola publikoa gure eskola baita, herriaren eskola. Lege berriak eskola publikoaren alde erabateko apustua egin behar du.

3. Eskola publikoak sistemaren ardatza izan eta lehentasun osoa behar du baliabideen aldetik, (planifikazioan, azpiegituretan, plantilletan eta aurrekontuetan). 0-18 urtera arteko eskaintza publikoa bermatu behar da auzo eta udalerri guztietan eta ez dira plaza pribaturik eskainiko, eskaintza publiko nahikoa dagoen bitartean. Lege berriak norabide honetako planifikazioa egin behar du itunpeko gain- eskaintzarekin amaituz.

4. Gure hezkuntza-sistemak duen arazorik larrienetakoa eskola-segregazioa da, segregazio sozio-ekonomikoa, klasismoa, alegia. Segregazioa hezkuntza sistemaren pribatizazioaren ondorio zuzena da, irakaskuntza pribatu- kontzertatuaren portzentaia eta ituntze maila erabatekoa egotearen ondorioa, bi sare egoteak segregazioa sortzen baitu. Lege berriak sare publiko bakar eta orekatuaren oinarriak jarri behar ditu.

5. Eskola bakarra nahi dugu, alegia, ez da publikoa ez den eskolarik finantzatuko diru publikoarekin. Lege berriak kontzertazioari amaiera eman behar dio era progresiboan.

6. Merkatutik kanpoko eskola behar dugu. Hezkuntza eskubide unibertsala sistema publikoak bete behar du, ez ikastetxeen nahiz sareen arteko lehiak. Eskarian oinarritutako eskaintzak, Programa-kontratuek, zuzendariak hautatzeko prozedurek eta beste hainbat proposamenek, lehiakortasunaren bidea hartuta, desberdintasunak areagotzera datoz.

7. Eskola bakar laikoa nahi dugu. Ezin da erlijio eta sinesmen guztiekiko errespetua izan, eskola-eremuaren laikotasuna gordetzen ez bada. Lege berriak laikotasuna bermatu behar du hezkuntza sistema osoan.

8. Familiek ikastetxea aukeratzeko eskubidea ezin da jarri gizarte osoaren kohesioaren gainetik. Ikasleen matrikula bulego independente eta bakarretan egin behar da, auzoetan eta herrietan, ikastetxeetatik kanpo. Elkarbizitza helburu, ume guztien matrikula orekatua nahi dugu, eta ez ikasle zaurgarrien banaketa estigmatizatua. Eskola publikoak ume guztiak nahi ditu. Lege berriak ikasleen onarpen araudia aldatu behar du eskola publikoaren mesedetan.

9. Euskara erdigunean jarriko duen Hezkuntza legea nahi dugu. Euskalduntzearen inguruan dagoen huts nagusia pribatu-kontzertatuan dago. Eskola publikoaren 9690a D eredua da. Euskararen ezagutza eta etorkizuna sare publikoan jokatzen da. Eskola pribatua indartzeak D eredua ahultzea ekarriko du. Euskararen presentziak bermatuta izan behar du eskolako jarduera guztietan. Lege berriak murgiltze hizkuntz eredua orokortu eta hezkuntza-komunitate bakoitzari moldagarria behar du, itunak kenduz euskalduntzen ez duten proiektuei.

10. Pribatizazio dinamika eteteko Lege berriak ikastetxeen publifikazioa ahalbideratuko lukeen araudia sortu behar du eta publifikazio dinamikak bultzatu. Eusko Jaurlaritza da egungo egoera diskriminatzailearen erantzulea, bere hezkuntza politikengatik, sare pribatuko ikastetxeel bere pribilejioak mantentzeagatik eta sare publikoarekiko erakutsitako utzikeriagatik. EJk ezin du hezkuntza eskubidea itunpeko ikastetxeetan subrogatu bere betebeharra baita eskaintza publiko kalitatezkoa ematea herritar guztiei. Berari dagokio, beraz, eta Hezkuntza Akordioa sinatu duten indar politikoei ere, hezkuntza sistema bidezkoa eta berdintzailea eraikitzea.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide