Kirol ezberdinetan trebatzeko aukera eskaini nahi die aurtengoan Vital Fundazioak gazte arabarrei. Helburu horrekin ekainaren 26tik 30era edo uztailaren 3tik 7ra bitartean, sei kirol campusetan izena emateko epea zabalik izango da datorren maiatzaren 28a bitartean.
Kanpezun errugbia, karatea, atletismoa eta eskubaloia egin ahal izango dira; Agurainen berriz futbola, herri kirolak, taekwondoa eta badmintona; eta Bastidan padela, boleibola, saskibaloia eta eskrima.
Txanda guztiak elebidunak izango dira eta 9 eta 15 urte arteko gazteek eman ahalko dute izena Vital Fundazioaren webgunean, 75 euroko prezioan.