25 urteko gasteiztar bat zendu zen larunbatean Gaztela eta Leonen ospatzen den Viña Rock musika jaialdian. Gertakaria jaialdi eremuaren sarrerako tornuen inguruan gertatu zen, 21:00ak aldera, konorte gabe aurkitu zuten hantxe; osasun zerbitzuek artatu zuten, eta, hasieran suspertzea lortu bazuten ere, azkenik hil egin zen Villarrobledoko ospitalean.
Baztertu egin dute gaztearen heriotza bortitza izan denik, baina oraindik analisi toxikologikoak eta autopsia egiteko daude, heriotzaren arrazoi zehatzak argitzeko. Lehen hipotesien arabera, bihotzeko gaitz baten ondorioz izan daiteke.
Karatea
Gaztearen heriotzak zirrara eragin du Arabako hiriburuko Fitness Gasteiz klubean; karatea egiten zuen haurtzarotik eta Espainiako selekzioan parte hartzekotan zegoen senior kategorian. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak doluminak eman dizkio familiari: "Oso albiste tristea da. Doluminik sentituenak familia eta lagun guztiei, eta besarkada bero bat. Goian bego Josu".