⛅ EGURALDIA

Zumarren 'elurra', mara-mara

Erredakzioa 2023ko mai. 2a, 08:26

Zeru garbiak espero dira datozen orduetan. Asteazken gauean euri pittin bat egin dezakeen arren, ez du hoztuko, eta tenperaturak goranzko joeran tematuko dira.

Hodei gutxirekin hasiko da astelehen itxurako astearte hau. Erdi eta goi mailako hodeiak agertuko dira, batez ere azken orduetan. Hortaz, ez da prezipitaziorik espero, zumarrek egunotan botatzen duten iletxoen elurte bitxia ez bada. Haize ahul eta aldakorra izango dugu, eta tenperatura maximoek berriro gora egingo dute: Gasteizen 5 eta 24 gradu artean ibiliko dira.  

Bihar goizean lanbroa agertu daiteke, baina, gainerakoan, antzera ibiliko da eguna: egongo diren hodei apurrak erdi eta goi mailakoak izango dira. Gauean euri pixka bat egin dezake, baina, antza, asteburura arte ez da taxuzko euririk espero. Haizea arratsaldean haserretu omen daiteke, baina ez du lortuko giroa hoztea: 9 graduan hasi eta 30 graduren langara iritsi daiteke termometroa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago