Arkautiko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak antolatutako Lan Eskaintza Publikoak (LEP) gaur egun lanean ari diren Arabako suhiltzaile askoren —behin-behineko langileen %65 baino gehiago—, ELA sindikatuaren arabera) kaleratzea eragingo duela salatu dute Gasteizen.
Horretarako, bizikleta martxa bat antolatu dute asteazken honetan, Mendizorrotzeko parkingetik Batzar Nagusietaraino, eta ehun bat lagun bildu dira Arabako hiriburuko kaleetan zehar. Prozesuaren "irregulartasunak" salatzeaz gain, mobilizazioekin jarraituko dutela aurreratu dute.
Badira sei urte jada Arabako suhiltzaileak hitzarmen propiorik gabe daudela, eta enpresa batzordeak langileen "ezegonkortasun egoeraz" ohartarazi du. "Ez dugu hitzarmen propiorik zuzendaritzak ez duelako borondaterik eta negoziazioa oztopatzen duelako. Hitzartutako baldintzarik gabe, zuzenean aginduak eman ditzakete, lanaldiak luzatu eta lanaldi osagarrietan ordutegiak ezarri", kritikatu dute. "Ezinbestekoa da hitzarmen propioa izatea, are gehiago oinarrizko zerbitzu hori eskaintzen duen administrazio batean".
Bestalde, suhiltzaileek gogorarazi dute hirugarren LEP propio bat egitea hitzartuta zegoela, "baina zuzendaritzak ez zuela adostutakoa errespetatu". Hortaz, Gipuzkoako Aldundiarekin batera egingo den hautaketa prozesua Arkautiko Akademiaren esku uztea deitoratu dute. "Behin-behineko kontratuak nagusi dira zerbitzu guztietan. Langileek egonkortasuna eskatzen dute, baita egungo beharginentzako irtenbideak eta LEP propioak ere", gaineratu dute.