Euskarazko erakusleihoak sarituko dituzte udaberri eta udazkenean

Erredakzioa 2023ko api. 26a, 16:20

Goiko irudian, iaz euskara ondoen erabiltzeagatik saria jaso zuen erakusleihoa, Artis Kreativarena. / Bai Euskarari

Aurten lehiaketak bi garai izango ditu ardatz: udaberria eta udazkena. 

Aenkomerrek, Arabako Merkataritza Federazioak, Arabako erakusleihoen X. lehiaketa jarri du abian, Arabako merkataritza sustatu eta erakargarriagoa egiteko helburuarekin. Euskara erakusleihoan txertatzea ere sarituko da, gainera; Bai Euskarari Elkarteak emango du sari hori.

Aurtengo berritasuna da lehiaketak bi garai izango dituela ardatz: udaberria eta udazkena. Beraz, lehiaketan parte hartzeko, udaberrian erakusleiho bat eta udazkenean beste erakusleiho bat egin behar dira. Arabako merkataritza establezimendu guztiek parte hartu dezakete lehiaketan. Izen-ematea apirilaren 28a baino lehen egin behar da, proyectos@aenkomer.com e-posta helbidera idatzita edo Aenkomerren Aiztogile kaleko bulegoetara hurbilduz. Eta erakusleihoak maiatzaren 10etik 26ra eta irailaren 26tik urriaren 13ra egon beharko dira ikusgai.

Bi sari mota banatuko dituzte erakusleiho onenen artean. Alde batetik, bozketa tekniko bat egingo dute; lehen sariak 800 euro eta plaka bat irabaziko ditu, bigarrenak 600 euro eta plaka bat, erakusleiho birtual onenak 300 euro jasoko ditu, eta erakusleihoan euskara ondoen erabiltzen duenak beste 300 euro. Beste alde batetik, herritarren botoaren bitartez aukeratutakoa izango da; 250 euro eta plaka bat. Horiez gain, 400 euro jasoko ditu udaberrian puntuazio tekniko handiena duena, eta 400 euro udazkenean puntuazio tekniko handiena duena. Hemen dira lehiaketako oinarriak eta izena emateko modua.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago