Zurrunbilo jaialdiaren zortzigarren edizioak datak aurreratu ditu, eta maiatzean ospatuko da aurtean. Euskarazko sorkuntza eszeniko garaikideari denbora eta espazioa eskaintzea helburu duen jaialdiak publiko berriengana hurbildu nahi du, eta, horregatik, proposamen eszenikoen aukeraketa zaindua egiteaz gain, jaialdiaren zati bat toki berri batera eramango dute: Gasteizko unibertsitate campusera.
Lehendabiziko hitzordua maiatzaren 3an izango da, Arabako Campuseko Unibertsitate Pabiloian, programa bikoitzarekin. Hasteko, 17:30ean, Amaia Bono artistak Belarri Prest proposamena aurkeztuko du. Obrak, euskaldun berrien ikuspuntutik kontatuta, hizkuntzaren eta ikasketa prozesuaren azterketa egiten du: identitatea, itzulpena, akatsa, kultura, hitzak, biografia.
Ondoren, 18:30ean, mahai-inguru bat hasiko da, Arte eszeniko garaikideak Arabako emakume sortzaileen eskutik izenburuarekin. Bertan, Marina Suarezek, Edurne Azkaratek, Josune Velez de Mendizabalek eta Amaia Bonok parte hartuko dute; foro honetan, Zergatik ez dira gazteak antzerkira etortzen? aztertuko dute.
Unibertsitateko hitzordu horren ondoren, jaialdiak ohiko formatuan jarraituko du, maiatzaren 12, 13, 14an, Baratza aretoan. Asteburu osoan, guztira bost ikuskizun eskainiko dituzte eta Artxibo biluzia dokumentazio tailerra egingo dute Metrokoadrokaren eskutik. Parasite kolektiboak eta Baratza aretoak antolatzen dute jaialdia, Gasteizko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, Laboral Kutxaren eta EHUren babesarekin.
Arabako Unibertsitate Campusean egiten diren jarduerak doakoak dira, baina erreserba egin behar da. Zurrunbiloko ikuskizun guztietarako gainerako sarrerak ere eskuragarri daude www.salabaratza.com webgunean.