Gookapi: haurrentzako euskarazko lehen plataforma interaktiboa

Erredakzioa 2023ko api. 21a, 16:30
Besteak beste, 'Iratxoen kantu sekretuak' aurki daiteke plataforman. / Argazkia: GOOKAPI

Euskal ekoizpeneko marrazki bizidunen 1.000 minutu baino gehiago daude eskuragarri Gookapi.eus-en, 10 urtetik beherako haurrei zuzendutako euskarazko lehen plataforma interaktiboan.

Ostiral honetan, Donostia Kultura Liburutegi Zerbitzuan, haurrentzako euskarazko lehen plataforma interaktiboa aurkeztu dute: Gookapi.eus. Egiazki, plataforma elebiduna da, eta eduki guztiak euskaraz zein gaztelaniaz daude eskuragarri; jatorrizko bertsioa euskaraz da, baina klik bakarrean gaztelaniazko edukia eskura dago ere.

Plataforma interaktiboa, doakoa eta 10 urtetik beherako haurrei zuzendutakoa da. Gainera, eskainitako edukiek iraunkortasunarekin, ingurumenarekin, eta, oro har, Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat datozen gaiak jorratzen dituzte.

Oraingoz, webgunearen bitartez erabilgarri dago plataforma, baina maiatzetik aurrera gailu mugikorretan erabili ahal izango da ere, Google Play edo App Store-n deskargatu ahal izango den aplikazioari esker.

Mithy esploratzailea, Pintxo klima aldaketaren aurka, Lizen sormen tailerra edota Iratxoen kantu sekretuak bezalako animaziozko telesail interaktiboak gozatu daitezke plataforman; istorioetan aurrera egiteko bide ezberdinak aukera daitezke, eta 360 graduko ikuspegia duten edukietan kapitulua angelu guztietatik jarrai daiteke.

"Edukia dibertigarria eta segurua da haurrentzako", azaldu dute Gookapi plataformaren sortzaileek. Guztira, euskal ekoizpeneko marrazki bizidunen 1.000 minutu baino gehiago daude, baita joko interaktiboak ere.

Ipuina

Bestalde, Liburuaren Egunaren harira, Mezularik argitaratutako Iratxoak eta basoko sorginkeria ipuina aurkeztu dute ere, Gookapi liburu bildumaren lehen titulua. Bertan, testuez eta marrazkiez gain, abestiak, bideoklipak eta errealitate areagotua aktibatu daitezke smartphone eta tableten bidez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide