Hodei gutxirekin hasiko da gaurko eguna, baina arratsaldean hodeiak metatuko dira, eta hodeitsu geratuko da. Arratsean zaparrada txikiak izan daitezke, izaera trumoitsuarekin. Txingorra ere bota dezakeela ohartarazi du Euskalmetek. Oro har, egun beroa izango da, eguneko tenperaturen tartea 5 eta 27 gradu artean ibiliko delarik.
Larunbat goizera ere luzatuko da giro hodeitsua, baina arratsaldean ostarteak zabalduko dira. Euria ere bota dezake, baina ez gehiegi. Igandean, hurrenkera kontrakoa izango dela espero izatekoa da: goizean garbi mantenduko da, baina eguerditik aurrera hodeiak bueltatuko dira, eta euri pixka bat ere bota ahalko dute. Asteburuko tenperaturak ez dira horren beroak izango: Gasteizen 7-18 eta 5-21 gradu arteko aldea egongo da larunbat eta igandean.