Maiatzaren Lehenean "beste mundu bat" aldarrikatuko du LABek

Erredakzioa 2023ko api. 20a, 13:00

Garbiñe Aranburu, LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra. / Argazkia: LAB

Bandera gorria astindu eta "errotiko aldaketaren beharra" kaleratuko du LAB sindikatuak aurtengo maiatzaren 1ean. Zortzi mobilizazio antolatuko dituzte Euskal Herrian, eta Gasteizkoa 12:00etan abiatuko da Martxoak 3 plazatik.

Datorren astelehenean izango da Langileen Nazioarteko Eguna. 1886ko maiatzaren 1ean Chicagon zortzi orduko lanaldiaren alde hasitako greba eta espetxeratutako zein hildako langileak (Chicagoko Martiriak) gogoan, urtero langile klasearen eta sindikatuen mobilizazio eguna da Maiatzaren Lehena.

Aurten, "beste Euskal Herri bat eta beste mundu bat" aldarrikatuko du LAB sindikatuak, "antolatzeko eta borrokatzeko" beharra azpimarratuz. "Bizi dugun krisia egiturazkoa da eta langileen bizimodua zaildu baino ez du egiten, kapitalak aberastasuna metatzen jarraitzen duen bitartean. Erantzuleak seinalatu eta errotiko aldaketaren beharra plazaratuko dugu mobilizazioetan", adierazi du Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak.

Sindikatuari lotutako Ipar Hegoa fundazioak kaleratu berri duen Ikusmiran txostenaren 13. zenbakiak agerian utzitako datuetatik abiatuta, LABek lau ondorio nagusi plazaratu ditu: "Ehun ekonomikoa ahultzeko joera mantendu egin da. Lan erreproduktibo eta produktiboaren arteko banaketa bere horretan mantentzen da. Sortzen den aberastasunaren birbanaketarako politikarik ez dago. Eta ekoizpen eta kontsumo ereduak eragin negatibo eta eustezinak sortzen ditu".

Horren guztiaren aurrean, "bizitza erdigunean" jarriko duen eredu ekonomiko eta sozial baterako "trantsizio ekosozialista eta feminista" aldarrikatuko du LABek. Norabide horretan, hitzarmenak berritzea, 1.400 euroko gutxieneko soldata ezartzea, lanaldi murrizketaren eztabaidari heltzea, zaintza sistema publiko komunitarioaren bidean aurrera egitea, "bestelako zerga politika bat" egitea eta zerbitzu publiko duinak garatzea exijitu du.

Mobilizazioak

Guztira, zortzi mobilizazio deitu ditu LAB sindikatuak Euskal Herrian, Egiteko beste mundu bat lelopean, "lantokietan eta kalean borroka ziklo berri bat" abiaraztera deituz: Gasteizko manifestazioa 12:00etan hasiko da Zaramaga auzoko Martxoak 3 plazatik; horrez gain, Baionan, Bilbon, Donostian, Iruñean, Eibarren, Maulen eta Tuteran ere kalera aterako da sindikatua.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago