56 gorroto delitu Araban 2022an: 47 Gasteizen, bi Donemiliagan, bi Iruña Okan, bi Arratzua Ubarrundian, bi Dulantzin eta beste bat Laudion. Araba da hiru lurraldeen artean hirugarrena eta gorroto delitu gutxien izan dituena; baina Gasteiz, berriz, hiru hiriburuen artean bigarrena da, Bilboren atzetik eta Donostiaren aurretik.
Horiek dira Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak eta Ertzaintzak aste honetan plazaratutako Euskadiko gorroto gertakariei buruzko 2022ko txostenak gure lurraldeari buruz utzitako zenbakiak; EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren zuzendari Jon Mirena Landak zuzendu eta koordinatu du ikerketa.
Datu orokorrei erreparatuz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 438 gorroto gertakari erregistratu zituen Ertzaintzak 2022an —horietako hiru (%0,68) gorroto izaerako arau-hauste administratiboak—, eta delitu mota horiengatik 44 pertsona atxilotu (2021ean baino bi aldiz gehiago, eta %10,4 Araban) eta 246 inputatu zituen.
Jaurlaritzak nabarmendu du 2016an txostena egiten hasi zenetik delituen kopurua "esponentzialki" igo dela; izan ere, gorroto delituak laukoiztu egin dira 2022an, 2016, 2017, 2018 edo 2019ko datuekin alderatuta. Igoera hori delituak ugaritu izanarekin eta gizartearen kontzientziazio handiagoarekin lotuta dago, baita beste hainbat arrazoirekin ere.
Arrazakeria, xenofobia eta LGTBIfobia
Gorroto delitu ohikoenak, nabarmenki, arrazismoarekin eta xenofobiarekin (231 delitu, %52,03) lotutakoak izan dira. Ondoren, bigarren eta hirugarren lekuan, sexu orientazio edo identitatearekin (96 delitu, %21,62) eta generoagatik (68 delitu, %15,32) egindako delituak daude. Laugarren lekuan, berriz, ideologia eta orientazio politikoarekin lotutakoak (34 delitu, %7,66) topa ditzakegu.
Maila nabarmen baxuago batean daude dibertsitate funtzionala (9 delitu), sinesmen zein praktika erlijiosoak (3 delitu), aporofobia (delitu bat), adina (delitu bat) eta beste batzuk (delitu bat).
Komunitate arabiarra, erasotuena
Arrazismo eta xenofobia delituei dagokienez, berriz ere, kolektibo zaurgarri erasotuena arabiarrena (68 eraso, %29,44) izan da. Ondoren, jarraian: latinoamerikarrak (43 eraso), herritartasun zein jatorria (42 eraso), beltzak (39 eraso), zehaztu gabe (21 eraso), ijitoak (10 eraso), asiarrak (5 eraso) eta txuriak (3 eraso).
Lesioak, mehatxuak, derrigortzeak eta diskurtsoak
Tipologiari dagokionez, lesioak (180 delitu) izan dira delitu ohikoenak. Horren ostean, mehatxuak (90 delitu), derrigortzeak (50 delitu) eta gorroto diskurtsoa (34 delitu) dira errepikatuenak.
Beste maila batean daude beste delitu mota batzuk: kalteak, tratu apalesgarria, irainak, ebasketa, eraso sexuala, kalumniak, agintaritzaren aurkako atentatua, lapurreta, kontzientzia askatasunaren aurkako delitua, langileen eskubideen kontrako delitua, sekretuak ezagutaraztea, gizahilketa, deliturik gabeko gertakaria, kondena urraketa, bahiketa eta tortura.