Hodei gutxi eta zeru oskarbiak agindu dituzte gaurkorako, goizean Arabako hegoaldean hodei dezente agertu diren arren. Haizea ahula izango omen da, baina tarte biziak izango ditu, hego eta hego-ekialdeko osagaiarekin. Arratsaldean baretuko da. Tenperaturetan maximoek nabarmen egingo dute gora: 3 gradutan hasi eta 24 gradura iritsi daitezke AEMETen arabera.
Osteguna lanbroarekin hasiko da, eta hodei gutxiko eguna izango da. Erdi eta goi mailakoak izango dira horiek, batez ere arratsaldean. Orduan, bero hodeiak garatu daitezke, baina ez dirudi euria botako dutenik. Norabide aldakorreko haizea izango dugu; goizean hegotik, eta arratsaldean iparretik. Maximoak bere horretan mantenduko dira, eta minimoak igoko dira: 6 eta 23 gradu arteko tenperaturak espero dira hiriburuan.