Urte honen amaierarako edo datorren urteko hasierarako Guardian martxan jarri nahi duen TAO sistemaren nondik norakoen berri eman du udalak bideo baten bitartez. Bertan zabaldutako informazioaren arabera, asteburuetan, jai egunetan eta apiriletik urrira eremu urdinean aparkatzeko bonuak hilean 50 euro balioko du. Egoiliarrentzat, berriz, urte osoko txartelak 35 euroko kostua izango du.
Eremu urdina gaur egun dauden hiru aparkalekuetan ezarriko dute, bai eta Diputazio hiribidean eta urmaeletako bidean orain dagoen aparkaleku eremuan ere. Bestetik, harresien alboan errotazio azkarreko bi eremu gorri zehaztu ditu udalak. Argudiatu dutenez, bi puntu horiekin erraztu nahi dute Guardiara erosketak edo bestelako mandatuak egitera joaten diren eskualdeko bisitarien jarduna. Eremu berdeak, berriz, gainerako goiko beste aldeak hartuko ditu, eta egoiliarrentzat baino ez da izango.
TAO sistema jartzeko erabakia aho batez hartu dute udal bilkurako talde guztiek, baina Guardian bertan zein inguruko herrietan sinadura bilketa bat abiatu du herritar batek, TAOa jartzeko erabakiaren kontra. Udalaren arabera, onartu den araudiak aukera emango du etorkizunean egon daitezkeen aldaketak modu arinean egiteko, alkatetza dekretuen bitartez.
Martxoan izandako udal bilkuran hainbat zinegotzik kezka agertu zuten gaiari buruzko ezagutza falta zegoelako herritarren artean. Orduan, bilera ireki bat egiteko proposamena mahai gainera atera zen, baina azkenean udalak egokiagotzat jo du bideo baten bitartez gaiari buruzko azalpenak ematea. Bideoa gazteleraz baino ez dago, udaletik bertatik ALEAri baieztatu diotenez. Horrez gain, bideoak gaztelerazko azpidatziak ditu ere.