Gero eta gertuago dago Euskal Herria Zuzenean (EHZ) musika festibalaren aurtengo edizioa. Euskal kultura, musika, sorkuntza eta euskara ardatz, 1996tik urtero antolatzen da Ipar Euskal Herrian, uztailaren 1etik hurbilen dagoen asteburuan; azken urteetan, baita aurten ere, Irisarrin (Nafarroa Beherea). ALEA babesle izango da aurten ere, eta ALEAkideentzako abantailak izango dira.
Hiru egunez, ekainaren 30etik uztailaren 2ra bitartean, elektro, rock, pop eta death metal soinuek dantzaraziko dute Irisarri. Eta aste honetan talde gehiago iragarri dituzte antolatzaileek (dagoeneko hamalau talde daude baieztatuta): Belako, Kolinga, Afrika Bibang, Ada Oda, Kristonak eta Muare taldeei Willis Drummond, aKats, Madmadmad, Soulfly eta Mandarine gehitu zaizkie.
EHZn tarte berezia dute proiektu berriek, eta 2022/2023 ikasturtean argitaratutako azken lanak aurkezteko aukera izango dute hainbat taldek. Willis Drummond euskal eszenako talde ezagunak, adibidez, azaroan argitaratutako Hala ere bere zazpigarren lana aurkeztuko du. aKats taldearen doinu elektronikoek eta instrumentu akustikoek publikoa harrituko dute, baita punk eta funk generoen artean mugitzen den Tottenhameko (Londres iparraldea) Madmadmad taldeak ere. Tolosatik, Mandarine taldeak bere rap proposamena eskainiko du agertokian. Eta Soulfly metal talde estatubatuar-brasildarra entzuteko aukera izango du publikoak; 1997an Sepultura taldearen sortzaile Max Calaverak eratutako taldea.
Horiez gain, Irisarriko plazan izango dira Habia folk hirukotea, Alarma Morea taldea eta Miren Narbaiza eibartar gasteiztartuaren MICE taldea. Gainera, Ertza dantza konpainiak Otempodiz (zuek erlojuak dituzue, guk denbora dugu) ikuskizuna eskainiko du, Euskal Herria eta Mozambique arteko bidaia bat.
Bestalde, laster emango dute Ospitalea zentroan izango diren mintzaldi eta mahai-inguruei buruzko informazioa.
"Denak gira EHZ"
Ehunka laguntzaile eta militantek egiten dute posible EHZ. Auzolana, elkarlana eta engaiamendu militantea dira EHZren oinarrizko baloreak. Horregatik, aurten ere, 500 laguntzaileren beharra izango dute. Izena emateko formularioa EHZren webgunean izango da maiatzetik aurrera.
Aurresalmenta
Hiru eguneko sarrerak salgai daude jada EHZren webgunean, 50 euroko prezioan. Egunez eguneko sarrerak, berriz, maiatzaren 31tik aurrera izango dira salgai.