⛅ EGURALDIA

Bikain, omen

Erredakzioa 2023ko api. 5a, 08:53

Giro eguzkitsua mantenduko da asteburu luze honetan. Aire zabaleko aisialdia, beraz, ziurtatuta dago. Epe luzerako elikadura segurtasuna, aldiz, ez horrenbeste. 

Egun eguzkitsuek segida izango dute Aste Santuaren atarian. Gaur goizean lanbroak ageri diren arren, horiek altxatu ondoren D bitaminaz kargatzeko moduan egongo gara —bitamina hori sintetizatzeko, egiari zor; ez du balio bollicaoak eguzkitan jateak—. Arratsalde partean goi mailako hodeiak agertuko dira, eta pixkanaka trinkotuko diren arren, ez dute ura askatuko. Norabide aldakorreko haize ahula izango dugu. Iluntzean, hotza nabaria izango da: AEMETen arabera, Gasteizen -1 eta 17 gradu artean ibiliko dira. 

Bihar goizean hodei horietako batzuk mantenduko dira, baina, oro har, zerua hodei gutxiekin geratuko da. Haizeak ez du demaseko indarrik izango, eta termometroak antzera ibiliko dira: 2 eta 17 gradu artean.

Ostiral santurako ere antzeko agertokia izango ditugu: erdi edo goi mailako hodeiak, baina Lorenzo ikusteko moduan. Termometroan, beroa nabariagoa izango da ordurik argitsuenetan: 2 eta 20 gradu artean.

Handik aurrera, ereduek antzeko egoera marrazten dute astebururako. Zorionez — edo seguruenera, zoritxarrez—, ez dugu euririk izango. Marianito orduan eguzki betaurrekoak jartzeko moduko eguraldi bikaina, baina soroek eta ekosistemek behar duten euri preziatuaren arrastorik gabe.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago