Iragan asteko kontzentrazio jendetsuen ostean, mobilizazioekin aurrera jarraitzea erabaki dute landa eremuko osasun langileek. Era berean, sinaduren bilketarekin jarraituko dute, change.org plataforma bidez, dagoeneko 52.461 babes lortu dituztenean. Hala, asteazken honetan, hilaren 5ean, elkarretaratzeak deitu dituzte honako osasun zentroetan: Agurainen, 13:15ean; Legution, 13;45ean; eta Espejon, 11:00etan. Halaber, Murgian, apirilaren 12an, mobilizatuko dira, 11:00etatik aurrera, osasun zentroan; eta Espejon, apirilaren 13an egingo dute hirugarren kontzentrazioa, 11:00etan.
Osasun langileek landa eremuko herritarren babesa eskatu dute berriro ere. "Elkarrekin joan behar gara borroka honetan, elkartuta lortuko dugu osasun arretaren pribatizazio estrategiak geldiaraztea, eta arretaren eta lan baldintzen kalitateari eustea. Ez gara geldituko", esan dute.
Zuiako eta Urkabustaizko udalek dagoeneko babestu dute osasun langileek aurkeztu duten idazkia. Halaber, laguntza eskaera erregistratu dute Burgun, Iruraitz-Gaunan, Zalduondon, Dulantzin, Agurainen, Barrundian, Lantaronen, Gesaltza-Añanan, Gaubean eta Asparrenan; eta laster Donemiliagan, Arraia-Maeztun, Kanpezun, Lagranen, Bernedon, Haranan eta Arratzua Ubarrundian egingo dute.