Arabak anbulantzia berri bat izango du Langraiz Okako suhiltzaileen parke nagusian. Hala, erantzun denborak murriztuko dituzte, bai hiriburuan eta baita landa ingurunean ere. Lurraldeko hirugarren anbulantzia medikalizatua izango da; alegia, osasun asistentzia emateko langile medikuak dituen hirugarrena. Beste biak Gasteizen eta Laudion daude.
Gainera, lurraldean ezaugarri berak dituzten beste bi anbulantzia daude, horiek ere bizi-euskarri aurreratukoak, pertsonal teknikoarekin eta erizaintzako pertsonalarekin, eta abiapuntua Gasteizen eta Amurrion dute. Beraz, bost izango dira lurraldean zerbitzua emango duten bizi-euskarri aurreratuko anbulantziak, eta oinarrizko bizi-euskarriko beste 13 anbulantzia eta Covid gaixoak lekualdatzeko bi anbulatzia espezifiko. Bizi-euskarri aurreratuko baliabide bat abian jartzeko behar den plantilla 18 pertsonakoa da, sei kategoria bakoitzeko: larrialdietako sei mediku, sei erizain eta larrialdietako ibilgailuaren sei gidari.
Horiek guztiek Larrialdietako Osasun Garraioen Sarea osatzen dute; sareko kontzeptu horrek baliabide batzuek besteei babesa ematea dakar, azaldu dutenez, eremuak babesik gabe ez geratzeko lehen mailako baliabideak gertakariren batean okupatuta daudenean. Sare horretan larrialdietako helikopteroa ere badago, eta sarea etxeko arretarako pertsona sanitarioaren sareak babesten du. Arabako landa-ingurunearen kasuan, garrantzi berezia du; izan ere, haiek ematen dute larrialdietako lehen arreta, oinarrizko bizi-euskarriko anbulantziarekin batera, harik eta anbulantzia medikalizatua iritsi arte, beharrezkoa izanez gero.