Joan den urtean, EAEko Arartekoak 45 ohartarazpen egin behar izan zituen, batez ere udal arduradun batzuei eta Eusko Jaurlaritzako bi saili zuzendutakoak. Horietatik 28ri erantzun zaie –besteak beste, Eusko Jaurlaritzako sailburuei bidalitako guztiei–, eta oraindik erantzunaren zain daude 17. Lau Arabako tokiko administrazioei bidalitakoak dira.
Ohartarazpen ofiziala da Arartekoak une honetan aplika dezakeen gaitzespen figurarik gogorrena, eta Manuel Lezertua EAEko Arartekoak gogoratu duenez, delitua da administrazioak arartekoarekin elkarlanean ez aritzea, eta ez du baztertu EAEko Fiskaltzara jotzea salaketa aurkezteko. "Administrazioak arartekoarekin lankidetzan aritzea funtsezkoa da giza eskubideak babesteko", azpimarratu du Lezertuak.
Erantzunik ez
Arabari dagokionez, Añanako eta Guardiako udalei, eta Aretxabaletako eta Zuhatzuko batzar administratiboei leporatu die Lezertuak "etengabeko lankidetza falta" izatea. Arabako Errioxako udalari hirigintza salaketa bati ez erantzuteagatik zabaldu zioten espedientea, 2021ean, eta iazko abenduan, azkenean, ohartarazpena bidali zuen Arartekoaren bulegoak, baina ez du Guardiako Udalaren erantzunik jaso. Añanako kasuan, berriz, etxearen atzealdearekin muga egiten duen bide publikoa hondatzeagatik aurkeztu zuten salaketa Arartekoaren aurrean, eta iazko abendutik, udalaren erantzunaren zain dago arartekoa. Bi batzar administratiboen espedienteak zaharragoak dira. Aretxabaletako batzar administratiboarena 2019. urtekoa da, eta Zuhatzukoa 2020koa.
Informazioa eskatzeko orduan administrazioekin izan duen harremanaren inguruan, arartekoak azpimarratu du, 2022. urtean, nolabaiteko normaltasunez aritu dela lankidetzan, salbuespenak salbuespen. "Azpimarratu beharra daukagu, tamalez, zenbatetan arduragabekeria nabarmena jartzen dela agerian, eta jarrera horrek begirune gutxi erakusten duela erakunde honen ikuskatze-lanarekiko eta, hortaz, kexagileen eskubideekiko".
Aldundian kexa gutxiago
2022an, EAEko herritarrek 7.504 kexa eta kontsulta egin dizkiote arartekoari eta ofiziozko 21 espediente bideratu dira Arartekoaren bulegotik. Foru aldundien kontrako kexen artean, gutxitu egin dira, 2021. urtearen aldean, Arabako Foru Aldundiaren kontra izapidetutako kexak, eta biztanleen kopuruagatik dagokion proportzioari hobeto doitzen zaion proportzioan kokatu dira. Hala, 55 espediente bideratu dira Arabako aldundiaren jarduera arlo desberdinetara.
Toki administrazioen aurkako espedienteei dagokionez, Arabako 90 udali eta bederatzi batzar administratibori zabaldu zaie espediente bat, tartean Gasteizko Udalari (52), Laudioko Udalari (5), Artziniegakoari (4), Gaubeakoari (4) edo Amurriokoari (3). Kexa eta kontsulta horietan oinarrituta, Arartekoak 61 gomendio eta iradokizun egin dizkie euskal administrazio publikoei, eta EAEko udalak banaka aztertuz gero, Gasteizko Udalak jaso ditu gomendio gehien.
Osakidetzan, %220 gora
EAEko Arartekoak, aste honetan bertan, Eusko Legebiltzarraren esku utzi du iaz jaso zituen kexuei eta eskakizunei buruzko txostena. COVID-19aren pandemiaren ondotik, "normaltasunera" itzultzeko urtea izan zen 2022a, nahiz eta izurriak ondorio "iraunkorrak" utzi dituen osasunean eta osasun zerbitzuen kalitatean, Lezertuak azpimarratu duenez, eta Osakidetzaren funtzionamenduagatik kexak %220 igo dira. Ukrainako gerrak sortutako energia krisiaren ondorioek, gainera, egoera ekonomiko ahulenean daudenen ongizatea okertu duela esan du.