Mahai sektoriala "erabat blokeatuta" dagoela eta langileek "tratu txar sistemikoa" pairatzen dutela salatzeko, bi greba egun deitu dituzte Osakidetzako SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek maiatzaren 18 eta 19rako, udal eta foru hauteskundeen aurreko astean: "Osakidetza salba dezagun. Osasun publikoa desegitearen aurka" izango da lanuzte eta mobilizazioen lelo nagusia.
Osasun sistema publikoaren arazoak "egiturazkoak" direla azpimarratu dute, "pandemiaren aurrekoak"; eta horren aurrean "berehalako konponbide sakonak" galdegin dituzte: besteak beste, lehen arretako inbertsioa handitzea eta lan baldintzak zein hauteskunde esparruak arautzeko akordio berri bat eskatu dituzte. Bestalde, 2020/2021eko Lan Eskaintza Publikoko azterketa egin aurretik 2018/2019ko LEPa ebaztea exijitu dute, baita 2010etik galdutako erosahalmena berreskuratzea ere.
Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari "borondaterik ez" izatea leporatu diote: "Mobilizazioen bidea besterik ez digu uzten", deitoratu dute, 37.000 langile inguru grebara deituz.
Sindikatuek azaldu dutenez, langileen eta Osasun Saileko ordezkarien arteko azken bilera abenduaren 7an izan zen. Orduz geroztik, Osakidetzako Zuzendaritzak "behin baino gehiagotan" adierazi die bilera horretan planteatutako hainbat gai "sailburuaren esku" daudela. Hortaz, Gotzone Sagardui Osasun sailburua deitu dute mahai sektorialean parte hartzera.