Juan Manuel Alfaro Caballerok 1954tik 1959ra bitartean Gasteizen filmatutako koloretako zortzi film berreskuratu ditu Arabako Artxiboak, Benetako kolorea izenburupean. Film horiek Juan Alfaro Allorak 2004an Arabako Artxiboan lagatako funtsekoak dira, Heraclio Fournierrek 1886an hasitako familia leinuaren enpresa dokumentazioa eta dokumentazio pertsonala biltzen dituen bildumakoak.
Balio historiko handiko dokumentu argitaragabeak dira, eta Arabako hiriburuaren hiri sorrera eta gertaera publiko garrantzitsuenak erakusten dizkigute, 1960ko hamarkadako garapen industrialaren eta hazkunde demografikoaren ondorioz betiko eraldatu aurrekoak.
Alfaro Caballerok urte horietako Gasteizko eguneroko bizimodua jaso zuen: Dato kaleko giroa 1956an, Cafe Suizo, Florida parkea eta bertako kioskoa eta barkillo saltzaileak; bisita bat oraindik erabat eraiki gabeko Katedral Berrira; Foru plaza eta udal merkatua, eta garaiko ibilgailuen zirkulazioa; Alaba Jeneralaren kalea irekitzeko obrak 1959an, eta abar.
Katedral berriko lehen harria
Honako hauek ere ikusi ahal izango dira, jatorrizko kolorearekin: 1954an, Alaves taldea lehen mailara igo zen denboraldian, F.C. Barcelonaren aurka Mendizorrotzean jokatutako futbol partida; Espainiako Txirrindularitza Itzulia Gasteizera iristen 1956an; desfile militar bat hiriaren erdialdean urte horretan bertan; katedral berriko lehen harria jarri zeneko berrogeita hamargarren urteurrena ospatzeko 1957ko meza, eta urte horretako Andre Maria Zuriaren Jaiak, erraldoiak, buruhandiak, blusak eta Zeledonen lehen jaitsiera.
Datorren ostegunean, martxoak 30, 19:00etan, ikusi ahal izango dira guztiak, Gasteizko Florida zinemetan. Doan sartu ahal izango da aretoa bete arte. Hurrengo egunetik aurrera (martxok 31), eta apirilean eta maiatzean, zortzi filmak argitaratzen joango dira Arabako Foru Aldundiaren YouTube-ko kanalean eta Arabako Artxiboko Vimeo-ko kanalean.