TOKIKOM euskarazko toki komunikabideen bateraguneak 10. urteurrena ospatu du gaur Getxon (Bizkaia). Ospakizunarekin batera, Olatua gurutzaontzien terminalean, Komunikabideak etorkizuna ehuntzen izeneko jardunaldia egin dute.
Erakundeak ohar batean adierazi duenez, nazioarteko hainbat hizlari bildu dira "tokiko komunikabideek gizartean duten paper garrantzitsuari buruz hausnartzeko, komunikazio sareen arteko lankidetzan sakontzeko eta etorkizuneko erronkei buruz aritzeko". Besteak beste, digitalizazioa, adimen artifiziala, aisialdia, datu kazetaritza eta demokrazia soziala jorratu dituzte.
Alaitz Artolazabal TOKIKOMeko zuzendariak eman die ongietorria bertaratu diren hedabideetako ordezkariei. Ondoren, Hiruka komunikazio taldearen kudeatzaile Ziortza Merinoren eta Bingen Zupiria Euskara sailburuaren ongietorri mezuak entzun dira ere.
Jason Gibbins eta Peter Sherlock BBCko kazetariek Erresuma Batuan abiatu dituzten bi proiekturen berri eman dute. Batetik, BBC kate publikoa toki hedabideekin elkarlanean aritzen da, hedabide txikietan kazetarien kontratazioa ahalbidetuz, eta albisteak partekatzeko sistema bat mantenduz. Horri esker, astero 1.200 albiste idazten dituzte, eta horiek estatu mailan ere erabili daitezke. Bestetik, datu kazetaritzak eskaintzen dituen aukeraz baliatzeko beste ekimen bat martxan dute ere. Istorioak sortzeaz gain, datuetan oinarritzeak "gardentasuna eta sinesgarritasuna" ahalbidetzen ditu. Hegoaldeko Galesko Caerphylly Observer agerkari digitaleko Richard Gurner kazetariak bertako BBCrekin duten harreman estuari buruzko adibide praktikoak eman ditu ere.
Tomas Bruvik norvegiarrak herrialde horretako egoeraren berri eman du. Euskal Herrian bezala, bertan ere bada 110 egunkari baino gehiago biltzen dituen elkartea. Hanide horiek telebista kate nazionalarekin elkarlan bat abiatu dute immigrazioaren inguruan, eta istorio andana azaleratu da horren bueltan.
Euskal Herrira itzulita, Oihane Mateos EITBko ordezkariak eta Iker Rincon Moreno Hiruka komunikazio taldeko kazetariak Saretzen proiektuaren berri eman dute. EITB eta TOKIKOMen arteko elkarlanak lehen emaitzak eman ditu jada, datu kazetaritzan abiatuta demografiari buruzko artikuluak lantzen. Harago, laster argitaratzekoa den bigarren datu multzo batean abiatuta istorioak lantzen ari dira une honetan bertan toki hedabideak; baita ALEA bera ere.
Akademiatik etorritako hainbat adituk gaur egungo komunikazio ohituren berri eman dute. Zeregin horretan aritu dira Bea Narbaiza EHUko IKUSIKER ikerketa taldeko kidea, Nafarroako Unibertsitateko Avelino Amoedo ikertzailea eta Karma Peiro Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan aditua. Oro har, marraztu duten agertokia ez da berria; baina, datuen argitara, argi dago joerak ziztu bizian ari direla: batez ere gazteek sare sozialen bitartez jasotzen dute informazioa, eta sare erraldoi horien pisua gero eta nabarmenagoa da adin guztietan ere. Adimen artifizialari dagokionez, Peirok azpimarratu ditu informazioa lantzerakoan teknologia honek eskaini ahal dituen abantailak , bai eta horren haritik sortzen ari diren arrisku handiak ere.
Jardunaldian ere hitzarmen bat sinatu dute TOKIKOMek eta Herrialde Katalanetako bost elkartek. Horren bitartez, elkarlana sustatzeaz gain, ahots bateratua izan nahi dute Estatuko administrazioaren aurrean, publizitate aurrekontuetan hedabide txikiak ere aintzat hartuak izan daitezen.
Pernan Goñi marrazkilariak jardunaldiari buruz egindako akta grafikoaren azalpenarekin eta Bizkaiko Diputazioko Euskara diputatu Lorea Bilbaoren mezuarekin bukatu da jardunaldia.