Energia berriztagarriak Euskal Herrian: gatazka edo aterabidea?

Erredakzioa 2023ko mar. 20a, 14:00
Martxoaren 23an 18:00etan izango da mahai-ingurua, Letren Fakultatean. / Argazkia: PIXABAY

EHUko Ekopol ikerketa taldeak Araba Bizirik, Sustrai Erakuntza, EH Bildu, Fagor eta Mondragon Unibertsitateko ordezkariak bilduko ditu martxoaren 23an, energia berriztagarrien inguruko mahai-inguru batean.

Araba Bizirik plataformako Rebeka Gonzalez de Alaiza, Sustrai Erakuntza Fundazioko Pablo Lorente, EH Bilduko legebiltzarkide Mikel Otero, Fagor enpresako Aritz Otxandiano eta Mondragon Unibertsitateko Aitziber Sarobe izango dira datorren ostegunean, martxoaren 23an, 18:00etatik 20:30era EHUren Gasteizko Campuseko Letren Fakultatean Ekopol ikerketa taldeak antolatutako mahai-inguruan.

Energia berriztagarriak Euskal Herrian: gatazka edo aterabidea? izenburupean Leire Urkidi Azkarragak gidatutako solasaldiak energia berriztagarrien inguruan bost eragile horien "profil eta iritzi desberdinak" kontrajarriko ditu.

"Egunotan Euskadin energia berriztagarriak bultzatzeko agertzen ari diren proiektuek eta planek ezinegonak, eztabaida sutsuak eta nolabaiteko gatazkak sortu dituzte hainbat lekutan. Trantsizio energetiko eta eko-sozialerako ezinbestekoak izango diren azpiegiturak non kokatu eta nola egin, ondo planifikatu eta pentsatu beharreko zeregina da, jendearekin harremanetan ez bada, kolokan jarri baitaiteke egitasmo osoa", azaldu du Ekopol ikerketa taldeak.

"Garrantzitsua da eztabaida patxadatsu eta arrazoitsuak bideratzeko ahalegin bat egitea", azpimarratu dute antolatzaileek. Horregatik, EHUgunerekin batera, zenbait mahai-inguru "anitz eta zabal" antolatu dituzte, gaiaren inguruan egon daitezkeen "diskurtso eta hausnarketa guztiak laburbildu eta plazaratu" nahian. Gasteizko mahai-inguruaz gain, otsailaren 23an lehenengo solasaldia antolatu zuten Donostian, eta apirilaren 25ean izango da hirugarrena, Bilbon.

Sarrera librea izango da, eta bertaratzeko ez da izenik eman behar. Bestalde, itzulpen zerbitzua egongo da, euskarazko solasaldia gaztelaniaz ere jarraitu ahal izateko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide