Altxor Bizia izeneko proiektua aurkeztu du gaur Santa Maria Fundazioak, Gasteizko katedral zaharraren ondare artistikoa ezagutarazi eta nabarmentzeko helburuarekin. Proiektu honek euskarri eta elementu berriak ditu, horien artean bisita artistiko bat, dibulgaziozko bideo bat, argitalpen bat eta atal espezifiko bat arte.catedralvitoria.eus web atarian.
"Programa hau eraikinaren zaharberritze-lanetan eta errealitate birtualak eskaintzen dituen aukeretan zentratu da orain arte, eta tenpluaren ondare artistikoari ere balioa emateko unea zen, gasteiztarrei, arabarrei eta bisitariei ezagutarazteko", azaldu du Cristina Gonzalez Kultura diputatuak. Ekimen horren bidez Santa Maria Katedrala Fundazioak eraikinaren ondare artistikoa laburbildu eta aurkeztu nahi izan du, jende guztiarentzat eskuragarri. Fernando R. Bartolome irakasleak adierazi duenez, "katedralera hurbiltzen den edozeinek horma horien artean dagoen ondare aberastasun izugarria ezagutu ahal izango du".
Bisitarekin batera, 52 orrialdeko laburpen-katalogoa ere egin dute. Inprimatutako bertsioan 3 euroren truke eros daiteke, edo webgunetik pdf formatuan doan deskarga daiteke.
Webgune berria
Aurkeztu dituzten nobedadeen artean, halaber, arte.catedralvitoria.eus webgunea nabarmendu dute. Ondare artistikoarekin erlazionatutako informazio-fitxak, argazkiak eta deskarga daitezkeen liburuxkak jasotzen dituen katedralaren webguneko atal espezifikoa da. Bertatik eta katedraleko Youtubeko kanaletik Altxor Bizia izeneko ikus-entzunezko piezara ere sartu ahal izango da. Bertan, ibilbide bat egingo da elementu artistiko esanguratsuenetan barrena.
Webguneko atal horren bidez, katedralaren ondare higigarritik eta monumentaletik aukeratutako 65 obra ikus daitezke, pdf formatuan deskarga daitezkeen bakoitzaren fitxekin. Pieza bakoitzak argazki orokorrak eta bereizmen handiko xehetasun zabalgarriak ditu. Guztira 200 irudik baino gehiagok osatzen dute artxiboa, eta lan guztien edertasunaz eta kalitateaz gozatzeko aukera ematen dute. Gainera, eduki guztia 4 hizkuntzatan dago eskuragarri eta entzun egin daiteke.