Txiste baten hasiera dirudi, baina oso gauza serioa da. Zer egiten dute batera hiru arkitektok eta arkeologo batek? Iraganari ate bat irekitzea; hortxe erantzun laburra. Erantzun luzeagoa badago, noski, eta jarraian azalduko dugu. Iker Ordoño, Arantxa Satrustegi eta Gonzalo Alava dira arkitektoak. Javier Ordoño, berriz, arkeologoa. Arkikus enpresaren atzean dauden sozioak dira, eta urte gutxitan erakutsi dute posible dela bulego txiki batetik abiatuta ondarearen dibulgazioa eta teknologia berriak ogibide bihurtzea. Hau ez da, ez, workshop moderno horietan saldu ohi den kea. Hau ekintzailetza da, puri-purian. Gauzak gauzatzea, hain justu.
Esku artean eskari andana dituzte orain. Azken Fitur azokan, adibidez, Jordaniako ministro batek bi eskari egin dizkie, haren herrialderako bi proposamen landu ditzaten: Jerax hiri erromatarra eta Xawbak-eko gazteluaren berreraikipen historikoak pantaila batera eramatea. "Ikusteko dago proiektu horiek gauzatuko diren, momentuz proposamena lantzea baino ez da", ohartarazi du Javier Ordoñok, umiltasun puntu batekin.
HIRU DIMENTSIOKO APLIKAZIOETAN GERO ETA BERRIKUNTZA GEHIAGO SORTZEN ARI DIRA ARKIKUS-EN
Askotan ideia apurtzaileek oso abiapuntu sinplea dute, eta une hori gogora ekarri dute Ordoño anaiek. "Duela hainbat urte Txilen bizi izan nintzen, eta hona itzuli baino lehen Perun eta Bolivian zehar motxilero gisa bidaia bat egin nuen", argitu du Iker Ordoñok. "Machu Pichu ikusi genuenean, Arantxa emaztegaiak eta biok pentsatu genuen oso ederra izango zela bere puntu gorenean zegoenean ikusi ahal izatea". Bueltan zirela, ideia ez zitzaien burutik kendu. Ondoren, Satrustegi Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean master bat ikasten zegoela, ekintzailetza lehiaketa bat izan zen bertan. "500 proposamen inguru aurkeztu ziren, eta, horien guztien artean, gure ideia saritu zuten. Hori irabazita, pentsatu genuen halabeharrez ideia hori martxan jarri behar genuela", azaldu dute.
Esan eta egin. Lehen prototipoa Mantible zubiarekin (Guardia) egin zuten; Ebro ibaia zeharkatzen zuen zubi historikoarekin, hain justu. Tablet bat eskutan zutela, erakundeen artean hori erakusten ibili ziren. "Hasiera batean zaila izan zen. Ezagutza falta handia zegoen, Euskal Herrian bederen antzeko esperientziarik ez zegoelako. Zeuden esperientzia bakarrak ikerketaren munduaren barrukoak ziren, eta, akaso, TVE telebistarako egin zituzten Erromako ingeniaritzari buruzko dokumental batekoak", esan du Iker Ordoño arkitektoak.
Alabaina, lehen bultzada handia Santa Katalinari buruzko aplikazioarekin etorri zen. Ondoren beste eskari asko etorri ziren. Tartean, Gasteizek 1850. urtean zuen itxurari buruzko eskaria. Ondoren, aplikazio berean San Frantzisko komentura sartzeko zabalpena egin zuten.
Aplikazio horrekin emandako aukerarekin pozik dauden arren, Arkikus enpresako kideek uste dute orain arte egindako lanei ez zaiela behar bezalako etekinik atera Gasteizen. "Eskertzekoa da aplikazioa kontratatu izana, baina faltan bota dugu bultzada gehiago eman izana. Egia da hiri bat izanda, dagoen eskaintza turistiko handian lausotuta geratu daitekeela", argudiatu du Javier Ordoño arkeologoak.
Herri oso baten inplikazioa
Oso bestelakoa den beste udalerri batean, aldiz, inplikazio handia ikusi dute udal agintarien artean: San Vicente de la Sonsierra (Errioxa) herriko gaztelu ikonikoaren aplikazioan. "Hor benetako apustu soziala egin zuten, eta herriko biztanleak ere asko inplikatu ziren", azpimarratu du arkeologoak. Aspalditik ardoaren ekonomiari hertsiki lotuta dago herria, baina, kalitatezko turismoari begira, herrian duten ondare historikoari etekina ateratzen ere asmatu dute. "San Vicente de la Sonsierrako aplikazioak agian ez du zenbaki handiegirik emango, baina, herri txikia izateko, ikusten da aplikazioak oso ondo funtzionatzen duela, eta jendeak erabiltzen duela gaztelua bisitatzera joaten denean", erantsi du arkitektoak. Lan horregatik kanpoan ere jaso dute aitortza: 2020ko Hispania Nostra sari entzutetsua eman zieten aplikazio horregatik.
Ordura arte beste asko etorri dira: hamar dira, orotara, Euskal Herrian bertan zein Espainian ere. Iraganari buruzko hiru dimentsioko aplikazio horietan gero eta berrikuntza gehiago sartu dituzte, gainera. Jauzi garrantzitsua egon zen Gasteizko Kordoi etxeko aplikazioan, garaiko arropekin jantzitako pertsonak sartu zituztelako 3D agertokien artean. Enkarterriei buruz egin duten azken aplikazioan, bestetik, ludifikazioa sartu dute, jolas baten elementuak sartuta. "Ondare ginkana bat sortu dugu. Hainbat elementu aurkitu edo asmatu behar dira. Amua da, batez ere familiei begira; dinamikoa eta ludikoa", argitu du arkeologoak. "Proba guztiak pasatuz gero, turismo bulegora joan zaitezke, zure sariaren bila". Toki bakar bat beharrean, hiru kokaleku daude aplikazio berean: Balmaseda osoa XV. mendean, Bolunburuko kastroa eta inguran dagoen burdinola.
Oraindik jauzi gehiago emateko moduan daude, baina ikusteko dago teknologiaren garapena nolakoa izango den. Gero eta gehiago aipatzen ari diren hiru dimentsiorako betaurrekoak izan daitezke hurrengo pausua? "Guk hasieratik pentsatu dugu norberaren gailuetarako aplikazioak izan behar direla", ohartarazi du Javier Ordoñok. "Tabletak eta, batez ere, telefono mugikorrak; horiek baitira normalean jendeak daramatzanak. Oculus motako betaurrekoekin probak egin ditugu, noski, baina horiek bezeroaren aldetik inbertsio bat eskatzen dute, eta ez dira merkeak. Gainera, ikusi dugu ez direla leku guztietan erabiltzeko modukoak: jendea zorabiatu daiteke horiek jarrita, edo behaztopa egin". Applek eta beste hainbatek horrenbeste aldiz iradoki dituzten errealitate areagotuko betaurreko arinen inguruan ere zuhurtziaz mintzo dira, 3D motako agertoki osoak bertan txertatzea behar den kalitatearekin teknikoki oso zaila izango delako, aditu hauen esanetan.
"Bitartean, jarraituko dugu ondarearen dibulgazioa eta teknologia bateratzen", aurreratu dute. Ez dute lan erraza izango, ondarearen alorrean ekimen pribatua alboratzen duen herrialde batean. Ez du larregi axola: osagaiak ederki asko maneiatzen dituzte jada.